Ordiziako Txistulariek bihar ospatuko dute 50. urteurrena
Kalejira egingo dute eguerdian Ordiziako kaleetatik, eta ondoren, taldean parte hartu dutenek bazkaria egingo dute elkarrekin. Berrogeita bost bat lagun elkartuko dira.
Ordiziako Txistulariek bihar ospatuko dute taldearen sorrerako 50. urtemuga. Data zehatzik ez dute, baina 50 urte gutxienez badira taldea sortu zenetik. 1973. urtetik, behintzat, herriko festak eta ospakizunak musikatu eta alaitu dituzte.
Ez dira astero kalera ateratzen Ordiziako Txistulariak, baina festen bueltan edo herriko taldeen emanaldietan giroa alaitzen ibiltzen dira. Azken urteetan Ordiziako Zortzikorako dantza berriak sortu dituzte, eta Oiangu diana ere bai, Ana Lekuona zuzendariak sortutakoa. Egun, partaideak adin tarte ezberdinetakoak dira, gehienak emakumeak. Herriaren alde egindako lana aitortze aldera, aurtengo Santa Ana jaietan txupinazoa botatzeko ardura hartu zuen taldeak uztailean, Kimetzekin batera.
Biharko ospakizunerako, kalejira egingo dute eguerdian Ordiziako kaleetatik, eta ondoren, inoiz taldean parte hartu duten kideetako batzuek elkarrekin bazkalduko dute Tximista sagardotegian. Berrogeita bost bat lagun elkartuko dira.