Urretxuko eta Zumarragako EH Bilduk aurrekontu proposamen bateratua aurkeztu dute bi udaletan
Bost esparrutan bi udalek elkarrekin lan egitea proposatu dute
“Bakarrik azkarrago; elkarrekin urrutiago” lemapean, Urretxu eta Zumarragako EH Bilduk bi udalen arteko lankidetza proposatu dute bost esparrutan. Bi herrien arteko elkarlanerako guneak eta politikak martxan jartzea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute EH Bilduren egoitzan egindako agerraldian.
“Hauteskundeetan hitza eman genuen, eta bete dugu. Bi herrietako herritarren gehiengoaren nahi eta beharrei erantzuten die planteamendu honek”, esan dute.
Udal talde politiko bakoitzak dagokion udalari eginiko aurrekontu proposamen sortaz haratago, bost esparru espezifiko hauek proposatu dituzte bi udalen artean lankidetzan jarduteko:
Kirolean koordinazioa. Egiturak eta osagarritasuna.
Bi herrietako kirol instalazioak eta zerbitzuak modu bateratuan kudeatzeko, bi udalen artean egituraketa eta koordinazioa urratsak ematea proposatu dute. Honekin, Urretxu eta Zumarragako herritarrek, bonu berdina ordainduz, bi herrietako zerbitzuak zein instalazioak modu berean erabiltzeko aukera izatea lortu nahi dute. Kirol azpiegituren beharren erantzune eta kudeaketa ere modu bateratuan egingo lirateke, elkarteen eta erabiltzaileen parte hartze zuzena bultzatuz.
Euskararen biziberritzean urrats handiagoak
Urretxuko Udalaren eta Zumarragako Udalaren artean amankomuna izango den euskara plan estrategikoa proposatu dute 2023-2027 legegintzaldirako. Helburua, Urretxu eta Zumarragan euskararen ezagutza eta erabilera sustatu eta normalizatzea izango dela gaineratu dute, bi herriek hizkuntza politika ausarta behar dutela jakinarazi. Horretarako, bi herriotarako Euskararen Aholku Batzordea berriro ere martxan jartzea proposatu dute.
Merkataritzaren plan estrategiko bateratua
Bi-Tarteanekin batera bi herrien arteko merkataritza plan estrategiko bateratu bat sortzea proposatu dute.
Osasun etxea eta espazio komunitarioa geltoki zaharrean
Osasun komunitarioko estrategia garatzea eta osasun kontseilua eratzea proposatu dute, 24/7 plataformarekin, anbulatorioarekin, ospitalearekin, udalarekin eta eragile sozial desberdinekin batera.
Beka sistema progresiboa
Aberastasunaren banaketa eta zerbitzu publikoetara sarbidea unibertsalizatzea. Musika Eskola, UGLE eta eskola kirolerako laguntza edo beka sistema progresiboa lantzea eta martxan jartzea proposatu dute, eragiten dieten erakunde eta eragileekin.
Urretxu eta Zumarragako herri busa
Urretxuko zein Zumarragako auzo guztietatik pasako den autobus bat martxan jartzea proposatu dute.