Ordiziako Txistulariak taldeak mende erdia ospatu du gaurkoan
Herriko kaleetan zehar kalejiran atera dira gaur Ordiziako txistulariak, taldea sortu zen 50 urte igaro direla ospatzeko. Gaur egun oraindik taldean jarraitzen duten eta azken 50 urte hauetan taldeko kide izan diren 45 bat lagun elkartu dira ekimenera. Udaletxe parean elkartu dira 12:00etan eta pieza pare bat borobilean bilduta jo eta gero, Urdaneta kalerantz jo dute txistulariek. Ordiziako kaleetan barrena jarraitu du gero ibilbideak. Tximista sagardotegian egin duten bazkari batekin borobildu dute eguna bertan bildutakoek.
Ordiziako txistulari taldea zehazki noiz sortu zen ez da jakina, ez dute data zehatzik aurkitu, baina, jakin badakite, 1973. urtetik behintzat, herriko festak eta ospakizunak musikatu eta alaitu dituztela. Aurtengo Santa Ana jaietan txupinazoa botatzeko ardura izan du taldeak Kimetz abesbatzarekin batera.