XIX. mendeko Eleganteen Bilkura egin dute gaur, Ormaiztegin
Zortzi soineko berri aurkeztu dituzte aurtengo edizioan. Errenteriako Jantzien zentroaren izenean, Iraultza dantza taldeko hamabi kidek ere hartu dute parte aurten, Eleganteen paseoan.
Atzo arratsaldeaz geroztik Ander Deunaren jaiak ospatzen ari dira Ormaiztegin. Gaur, jaietako egun handietako bat dute herrian: Eleganteen eguna. 2013tik, XIX. mendeko Eleganteen Bilkura ere egin ohi dute, Zumalakarregi museoaren ekimenez.
Aurten 10. aldia du Eleganteen Bilkurak eta hori dela eta hainbat berrikuntza izan dira ohiko ekitaldien baitan. Urtero bezala photocall-a egin dute Zumalakarregi museoaren parean, 12:00etan, XIX. mendeko elegante jantziak soinean. Ondoren, 12:30 inguruan, Eleganteen paseoa egin dute, museotik bainuetxe zaharra zegoen lekuraino. 60 bat lagunek hartu dute parte paseoan. Hamargarren urteurrenaren baitan, Zumalakarregi museoak antolatutako jantzigintza tailerretan sortutako zortzi jantzi berri estreinatu dira. Lau larunbatetan elkartu dira museoan jantziak jostera, baina etxean ere ordu asko eman dituztela esan dute parte hartzaileetako batzuk. Berritasun moduan, aipatu beharrekoa da, Errenteriako Jantzien zentroaren izenean, Iraultza dantza taldeko hamabi kidek ere hartu dutela parte gaur goizeko paseoan. Beraiena izan da, hain zuzen, paseoa irekitzeko ohorea gaurkoan.
Hainbat geldialdi egin dituzte ibilbidean zehar eta amaitzeko, dagoeneko ohitura denez, taldeko argazkiak atera dituzte Zubipe kiroldegiaren fatxadan dagoen bainuetxearen horma-irudian eta bainuetxe zaharra zegoeneko belardian.