Danbor-hotsez astindu dute Ormaiztegi txikiek
Danbor-hotsez astindu dute Ormaiztegi harrikalari txikienek San Andres Jaietako lehenengo igande goizean.
Ormaiztegin jaia lehertu da iada eta herritarrek musika, dantza eta alaitasun artean igaro dute jaietako lehenengo asteburua. Atzoko arropa eleganteak kendu arren, Ormaiztegiko haurrek elegante jantzita jarraitu dute, danborradako arropekin. Danborradako desfilea irekitzen zaldi gainean abiatu da Zumalakarregiz jantzitako haurra, atzetik ikurrina handi bat eta ondoren, haur txikienak. Ondoren, danborrak eta barrilak zihoazen desfilean, Urolatarrak txarangaren musikak lagunduta, baita kantinerak ere. Zubipe kiroldegitik abiatu eta herriari itzulia eman diote.
Zumalakarregi Ormaiztegin pertsonaia garrantzitsua da eta danborradan ere argi utzi dute hau ormaiztegiarrek, izan ere, bere errepresentazioa nonahi ikus zitekeen, izan hasieran zaldi gainean zein desfilean zeharreko haurren jantzietan. Hau hala izanik, general karlistaren presentzia oso nabarmena izan da beste urte batez haurren danborradan, bibote luzeak eta txapel gorriak jantzitako haurretan.
Arratsaldean egurrezko joko erraldoiak eta Goruntz Dantza Taldearen emanaldia izango dituzte, Zubipe kiroldegian. Kontuak kontu, jaia ez da amaitu oraindik Ormaiztegin, izan ere, datorren astean ere izango da festa eta zalaparta, asteazkenetik hasi eta igandera arte.