Beñat Senarren debuta, ataundarrek babestuta
Segurako Baratze pilotalekua bete-beterik zela jokatu du profesionaletako lehen partida aurrelari ataundarra, B Serieko binakako txapelketakoa. Jaialdi berean hiru pilotari ataundarrek jokatu dute: Senarrek eta Zubizarreta III.ak elkarren aurka, eta Albisuk ondoren maila nagusian.
Ataungo herriarentzat egun handia izan zen atzokoa, pilota profesionalean hirugarren ataundarrak debutatu baitzuen. Segurako Baratze pilotalekua gutxitan bezala goraino beteta zela, Beñat Senar Apalategi aurrelariaren (San Gregorio, Ataun, 2001) aurreneko partidaz gozatu, herriko pilotaren urrezko aroaren une historiko batean egon, eta pilotari debutaria babestu zuten ataundar ugarik.
B Serieko –Promozioa, orain arte– Binakako Txapelketako partida ofiziala jokatu zuen Senarrek, Eskirotz lagun zuela. Aurkari, beste ataundar bat: Iraitz Zubizarreta aiarra. 22 eta 11 irabazi zieten Zubizarreta III.ak eta Ugartemendia –oso jotzaile, atzean agintari–. Urduri antzean aritu zen Senar, bere lehen neurketan. Baina tanto dotoreak ere egin zituen –5 eginak, 5 galduak–, dauzkan eskuin ahaltsuaren eta ezker errematatzailearen erakusgarri.
Debutaren ondoren, ataundarrentzat eta Goierriko pilotazaleentzat beste pizgarri bat: hirugarren ataundarra, jaialdi berean, kantxara. Jon Ander Albisuk Binakako Txapelketa nagusiari ekin dio, aurrelari Jon Ander Peña tolosarra duela. Partida luzea eta oso gogorra –1:20 ordu iraupenez, 735 pilotakada– jokatu zuten Artola-Imazen aurka. Ondo hastea lortu dute, eta lehenengo puntua batu dute, 22-19 irabazita.
Profesionalismora jauzi laugarren ataundar batek ere aurki egin dezakeela iradoki zuten, atzo. Beñat Zubizarreta, Iraitzen anaia gazteagoa, debutatzeko prest dago.