Pailazoen Ordiziako urteroko saioa abenduaren 16an
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ‘Ez gara jaitsiko!’ ikuskizun berriaren bi saio egingo dituzte Ordiziako Majorin abenduaren 16an. Sarrerak bihartik aurrera erosi ahal izango dira.
Eguberri asteko datetatik kanpo bada ere, aurten ere Ordiziako Majori kiroldegia Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizunaren plaza nagusietako bat izango da. Abenduaren 16an egingo du 35 urte bete berri dituen pailazo taldeak Ez gara jaitsiko! ikuskizun berriaren saio bikoitza, lehena 16:00etan eta 18:30ean bigarrena. Sarrerak bihartik aurrera erosi ahal izango dira, bederatzi euroan.
Badira 27 urte Goierri beheko hiru ikastolak –Ordiziako Jakintza, Lazkaoko San Benito eta Beasaingo Andramendi–, Hazia elkartea, Ziburuko Kolegioa eta Urruñako ikastola elkartasunezko jaialdi hau antolatzen hasi zirela. Gaur erakunde horietako ordezkariak elkartu dira Ordiziako Barrenan jaialdiaren berri emateko, baita Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa ere.
Lapurdiko ikastolen alde
Urteroko pailazoen saioa «ikastolek bere sorreratik duten elkar laguntzaren eta herritartasunaren ezaugarri» dela aipatzeaz gain, duela bi mendetako lege zahar baten ondorioz, Ipar Euskal Herrian ikastolak «beti arriskuan» daudela nabarmendu dute. «Ezin dugu ahaztu hutsetik sortutako ikastolak direla Ziburukoak eta Urruñakoak, eta azken urteetan urrats nabarmenak egin dituzten arren, behar gorriak ditugu oraindik ere. Hornikuntza lanetan gabiltza».
Bai Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioak bai Urruñako ikastolak «bilakaera nabarmena» izan dute urteotan guztiotan, baina goierritarren babesa «ezinbestekoa» zaie oraindik. Kolegioak 26 urte bete ditu aurten, eta 11 urte badira Seaskako ikastoletako haurrak hartzen dituztela. «Egoitza aldaketa bat bizi izan dugu aurten, lehengoa ttipi geratu baitzitzaigun. Aurten, gainera, aterpe berri bat eraiki dugu eraikinaren kanpo eremuan». Aurtengo ikasturtean 336 ikasle ditu kolegioak, Kanboko Xalbador kolegioan beste eraikin egin bitartean Sarako eta Senperako haurrak hartu baititu. «Datorren urtean 320 izango ditugu».
Urruñako ikastolak 110 ikasle hartzen ditu, eta azken hiru urteetako krisi ekonomikoaren ondorioak sentitzen dituzte. «Gure erronka nagusiena oreka ekonomikoa bermatzea izango da aurten ere, baina baikorki etorkizunari begira segitzen dugu». Bi zentroen beste borroketako bat Azterketak euskaraz aldarrikapenarekin jarraitzea ere bada.
Legazpin aurre-estreinaldia
Publikoarentzat irekia ez bada ere, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eskola umeentzako bi saio egingo dituzte gaur Legazpiko Latxartegi aretoan aurre-estreinaldiko saio modura.
PAILAZOEN SAIOA
- Eguna. Abenduak 16, larunbata.
- Ordua. Bi saio (16:00 eta 18:30).
- Lekua. Majori kiroldegia.
- Sarreraren prezioa. 9 euro.
SARREREN SALMENTA
- Ordizia. Ikastolaren Villa Eugenia eraikinean eta Majori kiroldegian, azaroaren 28an eta 29an, 17:00etatik 18:00etara. Ondoren, agortu arte, Majori kiroldegian.
- Beasain. Andramendi ikastolan, azaroaren 28an eta 29an. Ondoren, agortu arte, Antzizar tabernan.
- Lazkao. Gerriko liburudenda.
- Zaldibia. Joxepane taberna.
- Itsasondo. Kaxintane taberna.
- Segura. Elorripe taberna.
- Idiazabal. Izpar denda.
- Online salmenta. Kutxabank sarrerak webgunean eta Katxiporreta.eus-en gaurtik aurrera.