Ordizia Zabalik diru-laguntzen deialdia zabaldu du udalak
Hutsik dauden edo txandakotzat har daitezkeen merkataritza lokalen alokairu edo erosketa gastuak ordaintzen laguntzea da programaren helburua. Abenduaren 15era arte egin daitezke eskaerak.
Ordizia Zabalik diru-laguntzen programaren deialdia zabaldu du Ordiziako Udalak aurten ere. 27.000 euro bideratuko dituzte egitasmora. Helburua da hutsik dauden edo txandakotzat har daitezkeen merkataritza lokalen alokairu edo erosketa gastuen zati bat ordaintzen laguntzea. 2023ko deialdia da, hau da, aurtengo urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arteko gastuak ordaintzeko.
Eskaerak egiteko epea abenduaren 15era arte egongo da irekita. Telematikoki, udalaren webgunearen bidez, edo aurrez aurre Herritarren Arreta Bulegoan egin daitezke. Eskabidearekin batera, negozio jarduera zehazten duen memoria, negozioa arautzen duten erakunde juridikoen NANaren edo eraketa-eskrituren kopia, ordainketak eta tasak eguneratuta daudela egiaztatzen duten ziurtagiriak, Goiekik baliozkotutako bideragarritasun plana, errentamendu kontratua edo lokala erosteko eskriturak eta laguntzei lotutako gastuak egiaztatzen dituzten transferentzien egiaztagiriak aurkeztu behar dituzte interesa dutenek.
Maitane Alvarez alkateordearen esanetan, hainbat helburu dituzte laguntzek: “jarduera ekonomikoa eta enplegua mantentzea herriko ekonomian, pertsonei zuzendutako mota guztietako zerbitzu eta jarduerei lotutako enpresa ekimen berriak abiatzea eta lokal eta espazio hutsak dinamizatzea”. Programa hasi zutenetik, 50 negozio baino gehiago jarri dira martxan, eta gehienek jarduerarekin jarraitzen dute. “Udalak lehiakortasun indartzen jarraitu nahi du eta udalerriko merkataritza-sektorea osatzen duten saltoki, zerbitzu-enpresen eta ostalaritza establezimenduen jarraipena bermatu”, adierazi du Alvarezek.