Gaurko greba "euskal zaintza sistema publiko eta komunitario bat" lortzeko urratsa dela azaldu dute Lazkaon
Eguerdian egin dute Lazkaon herriko ekitaldia. Frontoian bazkaldu ondoren, arratsaldean manifestazioan abiatuko dira Ordiziaraino, Beasainen barrena.
“Euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa dugu irabazteko”. Premisa horrekin atera dira, gaur, Lazkaoko Talde Feministak deituta, eguerdian ehunka herritar plazara. Herri mailan, greba orokor feministako ekitaldi nagusia frontoian egin dute, zaintzarena den “eskubide kolektibo baten alde”.
Azaroaren 30eko greba egun hau “mugarri bat ” izaten ari dela aitortu dute, baina etorkizunean gehiago etorriko direla ere aurreratu dute. Talde feministek eta eragile sozialek “herri akordioa osatu” dutela eta, “aldaketak” emateko unea “orain” iritsi dela gehitu dute. Erakundeei borondate politikoa agertzeko eta eskaerei entzungor ez egiteko eskatu diete.
Etorkizunean gizarteak behar duen “zaintza sistema publiko eta komunitarioa” lortzeko aldarrikapena beste zenbati premia sozial eta laboralei lotu dizkiete, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateari, pentsio eskubideari, errolda eskubideari edo zaintzako langileek duten “prekarietatea eta esplotazioa” amaitu beharrari.
Eskaeren jo-mugan erakundeak, “gure bizitzekin negozioa” egiten ari diren enpresak, eta “inolako ardurarik hartzen ez duten gizonezkoak” jarri dituzte. “Sistema kapitalista, kolonialista eta patriarkala hondoa jota eta kolapsatuta” dagoela ohartarazi dute, eta beste sistema baterantz mugitzeko garaia iritsi dela.
Greba-eguna “historikoa” izaten ari da, eta mugimendu feminista “indartsu” aterako dela iradoki dute, “aliantza gehiago egiteko”.
Argazkiak: Aimar Maiz