Greba feminista jarraipen "oso handia" izaten ari da
Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren arabera jarraipena "zabala" izaten ari da. Udaletan, industrian, hirugarren sektorean... izan du eragina. ELAk eta LABek jarraitzeko deia egin dute
Greba feminista orokorrak “jarraipen zabala” izaten ari duela dio Denon Bizitzak Erdigunean plataformak. Sektore publikoan jarraipena “esanguratsua” izaten ari dela nabarmendu dute, eta industrian ere eragina izan duela.
Eskualdeko udalek modu orokorrean egin dute bat grebarekin. Esaterako, Beasaingo, Idiazabalgo, Legazpiko Ordiziako eta Urretxuko udaletako langileak greban daude; kiroldegi eta liburutegi gehienak ere itxita daude. Eskoletan ere jarraipena “oso zabala” izan dela neurtu dute eta Sasieta mankomunitateko langileek ez dute zaborrik jaso.
Gizarte Ongizateko zerbitzuen sektorean jarraipen “oso zabala” izan dela zenbatu dute sindikatuek. Zumarragako Argixao Ordiziako San Jose egoitzetako langileek, esaterako, bat egin dute grebarekin, lanean ari diren arren. ELAk eta LABek elkarrekin salatu dute “milaka langileri greba eskubidea ukatu” zaiela, zerbitzu minimoak “gehiegizkoak” direlako, “beste behin”.
“Lanuzteetatik harago doan deialdia”
Denon Bizitzak Erdiguneanek “lanuzteetatik harago doan deialdia” dela azpimarratu du. Izan ere, gogorarazi dute protestaren muinean dauden langile askok ez dutela grebarako aukerarik, zaintza lanetan ari direlako, greba eskubiderik ez dutelako edo gehiegizko zerbitzuak inposatu zaizkielako, eta ez direla kontabilizatu. “Grebak izango duen eraginari ikuspegi zabalagoarekin begiratuko diogu gaur, bizitza sostengatzeko lanetan ari diren guzti horietan arreta jarriz”
Industrian helburuak bete direla nabarmendu du LABek. “Erabat” geldirik daude Indar, CIE Automotive, GKN edo Bellota. CAFeko jarraipena “oso handia” izaten ari da.