Zaintzaren ibilbidea, zaintzailek omenduz
Ordizian Zuhaiztiko Eguneko Zentrotik abiatu dute zaintzaren ibilbidea. Herriko hainbat puntutan geldialdiak egin eta zaintzaileak omendu dituzte, bertsoa kantatuz.

Goizean, 10:30etarako zuten hitzordua jarrita Ordizian, Zuhaiztiko Eguneko Zentroaren aurrean, Zaintzaren ibilbidea hasteko. “Aitortza” egin nahi izan diete zaintza lanetan ari direnei, eta herriko puntu desberdinetan geldialdiak egin dituzte.
Eguneko Zentroan txirrina jo eta langile bati jaisteko eskatu diete. Ondorengo hausnarketarekin hasi dute omenaldia: “Nork zaintzen ditu zaintzaileak? Ba al dakigu zer behar duten?”, galdetu dute. “Zaintza duinak jasotzeko baliabide publikoak eta lan baldintza justuak ezinbestekoak dira. Zaintza eredu tradizionala zalantzan jarri eta eredu berriak pentsatu behar ditugu. Publiko komunitarioa”, nabarmendu dute.
Deialdira batu diren hamarnaka lagunek, adin desberdinetakoak, emakume zein gizon, ondorengo bertsoa abestu dute.
Bizitzan lasai gabiltza
norbera gure planean,
gu geu zaintzeko ardura
eman dizuegunean.
Askotan jabetu gabe
zer dagon honen atzean,
beti hor zaudetelako,
onean eta txarrean.
Jartzen dituzuelako
bizitzak erdigunean,
zuenak le(he)netsi gabe
besteenen mesedean.
Eskertzak ez du balio
bakarrik egun batean:
denon ardura delako
segi dezagun lanean.
Fray Andreseko estatuan egin dute bigarren geldialdia, “errepresioa irudikatzen duen” tokian, eta emakume etorkin arrazionalizatuek hartu dute hitza.
Koloretako zebra bidean, anbulatorioan, zaharren egoitzan… jarraitu du ekitaldiak.