Aitor Olea organo jotzaileak kontzertua egingo du igandean elizan
18:00etan izango da. Bergarako Pedro Deunaren elizako organo jotzaile titularra da, eta Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan piano jotzailea.
Aitor Olea organo jotzaile durangarrak kontzertua egingo du Ordiziako elizan, igandean, 18:00etan. Johann Sebastian Bach, Cesar Franck, Charles-Mari Widor, Louis Vierne, Luis Urteaga eta Charles Tournemire-ren pieza musikalak eskainiko ditu. Arrasaten, Donostian, Baionan eta Gasteizen burutu zituen ikasketak. Hamabost disko argitaratu ditu Organos de Vasconia, XX Century Basque Organ Music, De musica popular vasca, Julian Sagasta gogoan eta Aita Madina Eliz Kantak bildumetan.
Lekeitioko Andra Mariren Zerutatzea Basilikako organo (1854.urtekoa) jotzailea izan zen hogei urtez, eta Lea Artibaiko Nazioarteko Organo Jaialdiaren sortzailea ere bai. Gaur egun Bergarako Pedro Deunaren Elizako organo (1889) jotzailea da.