Antzar Korrikalariek 800 euro eman dizkiote Moherriri, azaroko Movember kanpainetan bildutakoak
Igeriketa proba solidarioan batu dute diruaren erdia inguru, eta azaroan zehar elkarteko kirolariek egindako kirol saioak eurotara bihurtuta gainerakoa.
Lazkaoko Antzar Korrikalariak triatloilari taldeak 800 euroko diru ekarpena egin dio Moherri elkarteari, azaroan zehar Movember kanpainan bildutakoak. Atzo, osteguna, egin zuten diru emate ekitaldia. Gizonezkoen gaixotasunak eta minbiziak gainditzeko ikerkuntzara bideratuko dute diru hori.
Ekarpen ekonomiko horretan, alde batetik azaroaren 16an Lazkaoko kiroldegiko igerilekuan antolatu zuten 100m x 1€ ekimenean atera zituzten 340 euro daude. Antzar Korrikalariek eta Lazkaoko Aingira igeriketa zeharkaldi taldekoek parte hartu zuten, eta Ordiziako eta Tolosako igeriketa taldekoen laguntza ere jaso zuten. Guztira 53 pertsona bildu ziren, eta igerian osatutako 100 metro bakoitzeko, euro bat jarri zuten kirolariek.
Bestetik, triatloi taldekoek azaro guztian eginiko entrenamenduak eurotara bihurtu dituzte. Lortutako dirua 230 euro izan dira eta taldea berak diru hori bikoiztu egin du: 460 euro denera.