First Lego League lehiaketa martxoan egingo da Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen. 9 eta 16 urte arteko ikasleen artean teknologiarekiko eta zientziarekiko bokazioa sustatzea da helburua.
Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoaren Goierriko Kanpuseko gela birtualak probatu dituzte gaur goizean Donostiako Santo Tomas Lizeoko Batxilergoko Lehen Mailako 31 ikaslek. First Lego League Euskadiko 15. edizioan parte hartuko dute, eta formazio tailerra izan dute Goierrin. Errealitate birtualeko teknologia probatzeko aukera izan dute.
Nazioarteko hezkuntza-programa da First Lego League. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen du, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin elkarlanean. Urtero mundu osoko 110 herrialdetik gorako 9 eta 16 urte arteko 650.000 gaztek parte hartzen dute. Esperientzia dibertigarrien bidez gazteen zientziarekiko eta teknologiarekiko bokazioa bultzatzea da helburua.
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako programaren barruan, formazio tailerrak eskaintzen dituzte ikasleentzat. Goierriko Kanpusean bi gela birtual probatu dituzte: errealitate birtualeko betaurrekoak erabili dituzte sentsorizatutako gela batean, unibertsitateko ikasleek sortutako eszenario batekin, eta bestean, paretak eta mahai interaktiboak ezagutu dituzte.
First Lego League Euskadi 15. edizioa martxoaren 2an egingo da, lehen aldiz lau egoitza ezberdinetan: Bilbon, Donostian, Mondragonen eta Gasteizen. Iazko edizioan hiru probintzietako 42 ikastetxeetako 2.092 ikaslek parte hartu zuten.