Ingudea, enpresetan euskara sustatzeko lanean
AMPO, CAF, Ederfil Becker eta Irizar enpresetan euskara sustatzeko egiten diren praktiken berri eman dute gaur goizean Goiekin egin duten topaketan.
Ingudea 2011. urtean sortutako Goierriko enpresen Euskara Batzordea da, eta CAF, Ederfil Becker, Eredu, Irizar, Ampo eta Indar Ingeteam enpresek eta Goieki garapen agentziak osatzen dute. Batzordea horrek, euskara lanabes hartuta, elkarlanean, lan munduan euskararen erabilera normalizatzeko bidean pausoak ematea du helburu, lantegietan zein gizartean eraginez.
Igandean Euskararen Eguna dela eta, topaketa bat egin dute gaur Goiekiren egoitzan. Horietako lau enpresek –CAF, Ampo, Ederfil Becker eta Irizar– euskara sustatzeko egiten dituzten praktika zehatzen berri eman dute. Goiekiko Industria arduradun Xabier Perezek nabarmendu du “hizkuntza kudeaketa egoki batek garrantzia” daukala enpresan, eta “lehiakortasunean eragiten” duela. “Giro oso oneko bileretan, praktika onak, euskara planak… hori dena lantzen dugu”. Perezek gogoratu du “talde irekia” dela, eta hala nahi dute enpresak batu daitezkeela.
CAF. BIANDITZ IRAOLA
CAFeko Bianditz Iraolak lantokian euskara sustatzeko egiten dituzten motibazio kanpainen berri eman du. “Lantegian euskara erabili eta ikusgarri egiteko kanpainak dira. Euskara Egunaren bueltan antolatzen ditugu, baina urte guztirako izaten dira. Kartelak egin, mahai eta pareta egutegiak atera, opariak (aterkiak, katiluak, kantinplorak)…. Eskaera handia izaten dute”
Irungo eta Beasaingo egoitzetan antolatzen dituzte, baina bi lantegietarako diseinua bera da. Ideia orokorrak lantzen dituzte aurrena, hortik lehen zirriborroa sortzen. Gero Azpibatzordera eramaten dituzte, eta han zuzendu eta erabakiak hartzen dituzte. “Euskarari ikusgarritasuna emateko kanpainak dira, euskara hutsean egiten diren ekimenak denengana iristeko, landu nahi ditugun arloak azpimarratzeko…”. Galardi aldizkaria kaleratzen dute urtean hirutan.
Ampo. ANE BERGARETXE
Ane Bergaretxe Idiazabalgo Ampo kooperatibako komunikazio arduraduna da, eta euskara batzordeko kidea. Barne komunikazioan “euskara nagusi” dela nabarmentzearekin bat –”hori da gure indargunea”–, azken bi hamarkadetako ibilbidearen berri eman du. “2000 urtean sortu zen Euskara batzordea, eta lehen euskara plana ere orduan egin zen (erabilera neurketa, hiztegi teknikoaren definizioa…). Gero, 2002-2003 urtean Bultzada aldizkaria ateratzen hasi ginen, eta 2014an utzi genion. 2022an, berriz, Ingudean urte batzuk egon gabe egon ondoren, berriz hasi gara. 2022. urtean, Hizkuntza politikaren eguneraketa eta euskararen motibazio taldea sortu ditugu”
Euskararen erabileraren jarraipena Euskara motibazio taldean eta Barne komunikazio taldean egiten dituzte. Batetik, Barne komunikazio foroak dituzte: “Urtean bitan batzar orokorra egiten dugu. Deialdiak elebitan dira, baina hizlarien %90ek euskaraz egiten dute eta aldibereko itzulpena jartzen dugu. Aurkezpenen edukien gehiengoa ere euskaraz egiten dugu, finantza gaiak barne. 2023tik aurrera, berriz, akta guztiak euskaraz dira soilik”.
Talde ezberdinen arteko bileretan (ingelesez egiten direnak salbu) %76,6koa da euskararen ahozko erabilera Ampon, eta idatzizko sorkuntza %60koa, “tresna informatiko asko ingelesez eta gazteleraz baititugu”. Sentsibilizazio kanpaina bat ere martxan dute Ampon Euskaraz izenekoa. Sortutako ikurrarekin txapak egin dituzte, eta harezko erlojuak banatu langileen artean.
Barne komunikazio tresnetan, berriz, Bergaretxek adierazi du Ampoko intranetaren “arbola guztia euskaraz” dela. “Albisteak elebitan idazten ditugu, Jakintzazu asteroko buletina ere ateratzen dugu, eta gehiena euskaraz publikatzen da. Pantailetan eta tabloietan, berriz, eduki finkoak euskaraz dauzkagun, eta albisteak bi hizkuntzetan euskara lehenetsiz. Zaintza lana egitea ezinbestekoa da”
Ederfil Becker. MAITANE AIERDI
Legorretako Ederfil Becker kooperatibako Euskara batzordeko koordinatzailea da Maitane Aierdi. Bileretan euskararen erabilera sustatzeko hartzen ari diren neurriak azaldu ditu. Lau urrats dituzte: Adostu, Ezagutu, Eragin eta Emaitzak. “Joera positiboa da, eta kuantitatiboki 7 puntu igo da euskararen erabilera, eta kualitatiboki, berriz, neurtze hutsa positiboa da. Eusleen lana oso garrantzitsua da”.
Irizar. ABEL IRIZAR
Ormaiztegin San Andres jaiak ospatzen ari direla eta, lau egunez itxita dago Irizar, eta hango ordezkari modura Abel Irizar Emuneko aholkulariak egin du aurkezpena. Euskara eskakizunak kontratazio berrietan izan da gaia. Irizar kooperatibako Joana Alijostesen bideo labur batekin hasiko da saioa. Aipatu du 2013an zehaztu zutela Euskararen Misioa, gerora proiektu bihurtu zena. “Euskara eskakizuna ere hor dago. Lanean hasten direnek txostentxo bat bete behar dute. Prozesuaren helburua hiru urtean eboluzioa izatea da, eta euskara ikastea. Barne promozioetan, berriz, ez da eskatzen hori betetzeko, baina motibazioa lantzen da”.
Emuneko teknikariak azaldu du 900 langiletik gora daudela Irizarren, eta aurten 80 kontratu berri egin direla. “Hau da, langileen %10 berria da”. Berriei inkesta pasatu diete, eta 70ek hizkuntza maila frogatu dute, baino 3k ez dute maila eman. “3. maila eskatzen zaie, eta 2.era iristen dira. Gaztelaniaz bizi diren langileak dira, Donostiakoak, gizonezkoak, ingeniariak, lexikoa falta zaie, jariotasuna falta zaie…”.
Hiru pertsona horiek integratzeko prozesu bat diseinatu dute: “Astean bitan mintzapraktika egiten dugu, urtarriletik aurrera mintzatratuak egingo dituzte lankide euskaldunekin… Beraien lan funtzioetan euskara sartzea da helburua, batez ere ahozkoan, ez horrenbeste idatzian. Eta arrakasta non dago? Bizipen pertsonal positiboak edukitzean, hori hala bada bide erdia eginda dago. Beharra sentitzea, behar praktikoa sentitzea, faktore motibatzailea da.
Ingude lehiaketaren sarituak
Urtero egiten duten Ingudea lehiaketaren sarituen berri eman dute topaketaren bukaeran. Irabazlea Nerea Caminos (Eredu) izan da, eta parte hartzaile guztien artean zozketan Xabier Eskisabel (Indar) izan da saritua.