Musika, mozorroak eta odolki lehiaketa jaien azken txanpan
Herriko kultur eragileei aitortza egin zieten atzo. Mozorrotutako kuadrillak izango dira protagonista bihar. Odolki lehiaketaren baitan, Urrezko odolkia Edurne Elorzarentzat.
Ander Deuna jaien baitako egun handia ospatu zuten atzo ormaiztegiarrek. Ander Deunaren omenezko meza nagusiarekin eman zioten hasiera atzo egunari, eta hamaiketakoa egin zuten ondoren, udalak eta Barduliarrak elkarteak antolatuta.
Herri kirol jaialdia izan zen eguerdian, karpan. Ioseba Ostolaza, Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez aritu ziren harria jasotzen eta Iñaki Azurmendi, Ugaitz Mugertza, Irati Astondoa eta Uxue Ansorregi aizkoran. Oin-harriak jubilatu elkarteak antolatuta toka, bote eta igel txapelketak ere jokatu zituzten arratsaldean, jubilatuen elkartean.
Mozorrotuen eguna, bihar
Gaur haur eta gazteak eta musika izango dira protagonista. Haur eta gaztetxoentzako parkea irekiko dute goizean eta arratsaldean Zubipen. Dantza eta kontakto ikasteek saioa eskainiko dute 17:30ean, karpan. Musika emanaldien txanda izango da arratsaldean, 19:00etan Tierra de mis Amores Jalisco mariatxiak, karpan; Xaibor disko festa 21:00etatik aurrera udaletxe aurrean eta Coast Rebel eta Azken sustraiak taldeen kontzertua, 23:00etan karpan.
Mozorrotuen eguna izango da bihar eta mozorrotutako kuadrillak izango dira protagonista egun osoan zehar. Topaketa izango dute goizean, bazkaria eguerdian eta mozorro lehiaketako sari banaketa 20:00etan, besteak beste.
Odolkiak jaiak amaitzeko
Zortzi egunetako jai egitarauari amaiera emango diete igandean. Gastronomiari lotutako ekitaldiak izango dira nagusi, nabarmentzekoen artean, XXXVI. Odolki lehiaketa dago; tartean, Urrezko odolkia emango diote Edurne Elorza herritarrari.
Ikusi osorik ondoko estekan, Ander Deuna jaien egitaraua: