Pello Rodriguez Zabaleta urretxuarra, Mondragon taldeko lehendakari
Euskal Herriko talde industrial handienaren gidaritza hartuko du datorren urteko abuztuaren 1ean Pello Rodriguez Zabaletak (Urretxu, Gipuzkoa, 1975), Iñigo Uzin ordezkatuko baitu Mondragon taldeko lehendakaritzan. Hala erabaki du kooperatiba guztiak ordezkatuta dauden Kongresu Kooperatiboaren Batzorde Iraunkorrak gaur. Rodriguezek gertutik ezagutzen du taldea, 2015az geroztik Mondragonen lehendakariordea eta ekipamendu eta ondasunen dibisioko zuzendaria baita.
Mondragon taldeak ohar bidez nabarmendu du industria eta kudeaketa alorrean esperientzia handia lortuta iritsi dela Rodriguez Mondragonen lehendakaritzara, eta bere ibilbide guztian eredu kooperatiboarekiko erakutsitako «konpromiso sendoa» goraipatu du, berrikuntzaren eta negozioen lehiakortasunaren aldeko apustuan azpimarra eginez. Ilusioz hartu du «erronka» Rodriguezek: «Mondragon nire etxea da eta oso harro nago funtzio hau betetzeko izendatu nautelako. Eman zaidan erantzukizunaren mailan egotea espero dut».
Uzinen moduan, makina-erremintaren sektoretik dator Rodriguez. Bere ibilbide profesionala Danobaten hasi zuen, proiektuetako gerente bezala, eta ondorengo sei urtetan Ingalaterrako eta Alemaniako filialetan jardun zuen lanean. 2007an, atzerritik bueltan, kooperatibako tornu eta artezketa negozioaren ardura hartu zuen eta, ondoren, 2013an zuzendaritza nagusi kargura iritsi zen.
Testua: Berria egunkaria.