Marta Burgos eta Luis Alejandro Castillo, Igartza Musika Beka sariaren irabazleak
Burgos espainiarra Master mailan izan da saritua, klarinete espezialitatean, eta Castillo venezuelarra Gradu mailan, biolontxelo espezialitatean.
Egun guztiko entzunaldien ondoren, atzo iluntzean jakinarazi zituzten Igartza Musika Bekaren VIII. edizioaren irabazleak. Master mailan, klarinete espezialitatean, Marta Burgos Rueda espainiarra (Alhaurin el Grande /Malaga) saritu zuten diploma eta 3.300 eurorekin, eta Gradu mailan, Maracayko (Venezuela) Luis Alejandro Castillo Valenzuela biolontxeloko espezialitatean –diploma eta 2.200 euroko diru-saria jaso zituen–.
Marta Moll del Alba Mendozak, Damian Martinez Marcok, Jesus Etxeberria Jaimek eta Arantxa Gastesik osatu zuten epaimahaia.
Igartza Musika Bekaren VIII. edizioan Musikeneko ikasle dohaitsuenek parte hartu dute, Beasaingo Udalak eta Musikenek (Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegia) antolatzen duten sariketaren “sona eta ospea handitu” dela frogatu du.
“Oso giro berezia eta jatorra sortzen da interpreteen eta publikoaren artean. Musikari gazte hauen talentua aparta da eta bekak sekulako bultzada suposatzen du ekonomikoki irabazleentzat. Izan ere ikasleen arabera, musika ikasketetarako honelako laguntza eskuratzea bultzada handi suposatzen du”, adierazi du udalak.
Udalak eta Musikenek eskerrak eman nahi dizkiete sariketako parte-hartzaile guztiei, eta baita entzunaldietan izandako publikoari ere.