ELArentzat "berri oso pozgarria" da CAFeko zuzendaritzak iragarri duen inbertsioa
Inbertsio hori egiteko eskakizuna ELAren "aspaldikoa aldarrikapena" dela gogorarazi du sindikatuak.
ELA sindikatuarentzat “berri oso pozgarria” da CAFeko zuzendaritzak 2016tik itxita dagoen altzairutegi zaharreko lurretan bederatzi milioi euroko inbertsioa iragarri izana altzairutegi zaharraren lurretan.
Joan den ostiralean enpresa-hitzarmeneko negoziazioei berriro ekiteko izandako bileran inbertsio hori egiteko asmoa azaldu zion enpresa-batzordeari, egungoaren osagarri izango den proba-nabea eraikitzeko. Beasaingo CAFen altzairutegi zaharreko lurretan eraikiko da. Hango nabeetan ez da inolako jarduerarik egin itxi zutenetik.
“Zuzendaritzak enpresa batzordera eramandakoaren arabera, probetarako nabe berri bat eraikitzea aurreikusten da, 135 metroko luzerako bost lerro izango dituena. Horrekin, egungo eskaera-zorroari aurre egin nahi diote, lehengo proba-nabea txiki geratuko litzatekeelako proiektu berriei ekiteko. 2024ko udan hasi eta 2025eko udan bukatuko da obra”, adierazi du sindikatuak ohar bidez.
ELAren aspaldiko eskakizuna
Inbertsio hori ELAk “aspalditik eskatzen duen aldarrikapena da”, altzairutegiko jarduera gelditu zenetik. “Azaroan bertan, urteko hirugarren hiruhilekoaren emaitzen berri izan ondoren, ELA sindikatuak zuzendaritzari eskatu zion irabaziak Beasainen inbertitzeko erabili behar zirela, enpresan hainbat pankarta jarrita egindako ekintza baten bidez. Enpresak inbertsio berri hori iragarri ondoren, gure helburuetako bat bete dugu hitzarmenean, inbertsioei dagokienez. ELAn pozten gara CAFek inbertsio horrekin Beasaingo lantegian egiten duen apustuarekin”.
Biharko, abenduak 4, zuzendaritzak beste bilera baterako deia egin dio enpresa batzordeari, batzordeak egindako planteamenduei erantzuteko. “ELAtik espero dugu bilera berri honetan, besteak beste, sindikatu honek CAFen enpleguaren aldeko borrokan egindako eskaera bati erantzuteko zuzendaritzak egingo duela. Hitzarmen honetan Beasaingo eta Irungo lantegietan gutxieneko plantillak finkatzeko eskaera da hori, CAFen enpleguaren jarraipena bermatzeko ezinbestekoa dena”.