'Gaittu': euskararen aldeko Beasaingo maratoi arrakastatsua
Aittu euskara elkarteak Gaitu proiektuaren aldeko maratoia egin du gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean. Antolatzaileak gustura gelditu dira bildutako esaldi kopuruarekin
Maratoia egin da gaur goizean Beasainen. Korrika egiteko eguraldi aproposa egin arren, parte hartzaileak ez dira lekutik mugitu. Hitz egitea zen gakoa, eserita, ordenagailu baten aurrean. Aittu euskara elkarteak Gaitu proiektuarentzako lagin bilketa antolatu du, zehazki.
Etorkizuneko teknologiek euskara ulertzea eta erabiltzea da helburua eta. Horretarako, ikas egin behar dute, eta ikasi entzunez egiten da. Gaituren fase honetan euskarazko esaldiak grabatzen ari dira, ahalik eta gehien pilatu eta hizkuntza prozesamenduko makinei emateko.
Aittuko kideak gustura gelditu dira bildutako esaldi kopuruarekin. 10:00etan hasi dute maratoia, kantujira taldeko 25 kiderekin. Atzetik etorri dira institutuko ikasleak, Loinatz Abesbatzako kideak, Ostadar Dantza taldea, Aurtzaka, Bear, ikastola, Murumendi, La Salle, Arrano Kultur Elkartea, Lemniskata, Nagusilan, Aizkorri Mendizale Elkartea, Alfil, Goierriko Mendizale Beteranoak, AEK, norbanako ugari… Lau orduz, bata bestearen atzetik gelditu gabe, esaldiak biltzen jardun dute.
Kanpaina martxan jarri zenetik, munduan grabazio ordu gehien dituzten hizkuntzetan hamabigarrena da euskara 131 hizkuntzako zerrendan, besteak beste, italieraren eta japonieraren aurretik. 8.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte, eta 518 ordu grabatu dituzte denera.
Dena dela, oraindik lagin gehiago behar dituzte Gaituko hizkuntzalariek. Edonork eman dezake hitza, edonondik. Hemen klik egin eta ordenagailuak proposatzen dizkigun esaldiak grabatzea besterik ez da.
Euskararen Eguna
Euskararen Nazioarteko Eguna dela baliatuta, Eusko Jaurlaritzak mundu digitalari begiratu dio. Iñigo Urkullu lehendakariak «digitalizazioaren erronkan» egin du azpimarra eta horren harira aipatu du urriaren hasieratik abian den Gaitu ekimena. Nabarmendu du beharrezkoa dela mundu digitalean euskararen presentzia handitzea. «Erakutsi diezaiogun euskaraz lan egiten geure eguneroko jardunean ezinbesteko lankide dugun tresneria digitalari», esan du. «Euskal gizartea aurrerapen erabakigarriak egitera behartuta dago bere ahalduntze prozesuan, digitalizazioan kasu», eta beharrezkotzat jo du erronka hori «euskarara gerturatzen ari diren pertsonekin» elkarbanatzea.