Etxean gelditu da Ormaiztegiko odolki lehiaketa
Deba harategiak irabazi du Ormaiztegiko 36. Odolki Lehiaketa. Jesus Lermak irabazi du sukaldaritza lehiaketa. Gaur bukatuko dira San Andres festak
Aho zapore onarekin amaituko dituzte San Andres jaiak ormaiztegiarrek, Deba harategiko odolkiaren zaporearen pare. Etxeko harategiak irabazi du Ormaiztegiko 36. Odolki Lehiaketa. Iaz irabazle izan zen Olano haratgiari eta Murua harategiari hartu die aurre. Gaur goizean jokatu da txapelketa, sanandresetako odolki festaren barruan.
Odolkia beste maila batera eraman du Jesus Lermak. Berak irabazi du odolkia osagaitzat duten plateren 21. gastronomia lehiaketa. Odolki hostorea onddo eta tipula karamelatuarekin aurkeztu du.
Horren landuak izan gabe ere, bertaratutakoek gustura jan dute odolkia. Zerua garbi zegoen, baina eguzkiak ez zuen berotzeko indarrik eta hotza egiten zuen. Eguraldi aproposa babarrun errazio bat odolki mutur batekin jateko, ardo kopa batek lagunduta. Hala, jende ugari bildu da ormaiztegiko erdigunera.
Azoka ere bazegoen. Saltzaileek esan dute “neurrian” saldu dutela, baina aukeran gehiago ere saldu nahiko luketela aipatu dute. Artisau eta gastronomia produktuak zeuden salgai. Juanita Murgiondorentzat izan dira posturik onenaren eta perrexil eta oregano onenaren sariak eta, Maria Jesus Oriarentzat tipularik eta porrurik onenarenak.
Urrezko Odolkia, Edurne Elortzarentzat
Odolki festak ia 40 urteko ibilbidea egin badu, Edurne Elortzaren lan eskergagatik da, besteak beste. Ia hamarkada batez antolaketa eta esatari lanetan izandako inplikazioagatik Urrezko Odolkia jaso du gaur. Lore sorta bat eta Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak herritar guztien izenean argazki bilduma bat ere oparitu dizkiote. Elortzak eskertuta jaso du aitortza eta lanean jarraitzeko eskatu du, odolki festak segida izan dezan.