CAFeko zuzendaritzak hitzarmen proposamen berri bat egin die langileei
LAB sindikatuarentzat "edukiz zabala eta askotarikoa" da proposamena, "azken asteetako borrokaren emaitza dena". ELAk "positibotzat jo" du eskaintza, "helburuak betetzen baititu". Abenduaren 12an egingo dute bozketa.
Beasain, Irun eta Madrilgo CAF enpresako lantegietako enpresa batzordeak hitzarmen berria negoziatzeko bilera egin dute gaur goizean. Zuzendaritzaren aldetik jasotako azken proposamenaz LAB sindikatutik egindako balorazioa da, eduki aldetik “zabala eta askotarikoa” dela, eta “zalantzarik gabe, CAFeko langileok azken asteetan garatu dugun borrokaren emaitza” dela. ELA sindikatuaren hitzetan, “oso positiboa” da, “ELAk hitzarmen honetarako ezarri zituen helburuak betetzen baititu”.
Hiru urterako hitzarmen proposamena da CAFeko zuzendaritzak egin diena. Enpleguari dagokionez, kontratazio finkoak 390 langile izango dira, gutxienez 180 Beasaingo tailerretan eta 40 Irunen. Gainera, Beasainen, 12 delineatzaile eta bost prozesista kontratatzea proposatu dute. Horri dagokionez, Euskal Herriko lantegietako enpleguaren “egonkortasuna” bultzatu dutela adierazi du LABek, “zuzeneko eskulaneko kontratazio ugari lortu ditugu”, gehitu dute. Gogoratu dute gainera, lan-ikuskaritzan jarri zuten salaketaren ondorioz, “CAFek sistematikoki ia kontratu guztiak mugagabeak” egiten zituela jada. ELA sindikatuak ere “gutxieneko plantillak finkatzea eta enplegu finkoa duen kontratazio handia” nabarmendu ditu.
Proba-nabe berria egiteko bederatzi milioi euroko inbertsioa egiteko CAFek hartutako konpromisoari buruz, LABek “adierazgarritzat” jo du, “planta nagusietako enpleguaren aldeko apustua” dela uste baitute. ELAak bere aldetik adierazi du, “aspaldiko eskaera” zela eta berri “pozgarria” dela.
Langile beteranoen erretiroari dagokionez, mugimenduak proposatu ditu zuzendaritzak, lizentzietan eta, oro har, lan baldintzen inguruan.
Tituludun langileen -mila baino gehiago- lanaldi murrizketa 20 ordukoa izango da. Horrekin, “urrats garrantzitsua” ematen da, “gainerako langileek duten 1592,5 orduko lanaldira iristeko”, LABek adierazi duenez. Tituludunen aparteko orduei dagokionez, berriz, “nahiz eta lan-ikuskaritzak eskatu, enpresak oraindik ez du garatu”. Bi neurri horien baturak, langile horien egunerokoan “eragin nabarmena” izango duela esan du LABek. ELA sindikatuarentzat ere “aurrerapauso nabarmena” da hitzarmenaren puntu hau.
Soldatari dagokionez, 2023an %5,65eko igoera, 2024an KPIa+%0,5 eta 2025ean KPI+%0,75eko igoera proposatzen ditu azken eskaintzak.
Bestalde, CAFek Castejonen duen lantegian, “azpikontratatuta dauden langileak CAFen barneratzea funtsezkoa da” LABentzat, eta hori da “zuzendaritzak egindako azken proposamenean idatziz ez dagoen gai bakarra”, baina “ziur” daude “aurrerapausoak emango direla gai horretan ere”. Eta Madrilgo lantegian, zortzi lan orduko jaitsiera izango dute.
Bestelako lizentzietan ere aurrerapausoak proposatu ditu zuzendaritzak, hala nola, kontziliazioa bultzatzeko komisioa jarriko da martxan, distantzia plusa, lau erreleboetako langileei jai gunetan lan egiteagatik %50 gehiago ordainduko zaie eta jantokietako langileen soldaten KPIaren araberako eguneratzea izango da. Telelanari dagokionez, lanaldiaren %30 izango dira telelan egunak eta haurrak dituztenen eta haurdun daudenen kasuan telelana zabalagoa izango da. Haurren zaintzagatik ere etxetik lan egin ahalko dute. Telelanaren gastuen konpentsazioa KPIarekin egunerako da.
Hurrengo egunetan, afiliazioarekin aztertuko dute proposamena, eta datorren abenduaren 12an, lantegiko batzarrean, hitzarmena berritzeko bozketa egingo dute.