Beasain kirol sarietarako proposamenak egiteko epea zabalik
Abenduaren 13ra arte egin daitezke proposamenak.
2023 urteko Beasain kirol sarietarako hautagaiak proposatzeko epea zabaldu du Beasaingo Udalak. Sari hauen helburua da, Beasaingo edo Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonei eta erakundeei aitortza egin eta esker ona adieraztea.
Errekonozimendua nori egin, herritarrek aukeratu ahal izango dute. Proposamenak egiteko, bide desberdinak daude; telefonorako aplikazioaren bidez, Udalaren webgunearen bidez edo Antzizar kiroldegiko harreran eskuragarri dagoen inprimakia bete eta bertan dagoen kutxan sartuz. Abenduaren 13an amaituko da epea. Sari emate ekitaldia, abenduaren 27an izango da.
Bi kategoria
Sariak bi kategoriatan banatuko dira, urteko kirol sariak eta ohorezko kirol sariak. Beasain Kirol Sarietan banatuko diren urteko kirol sariak hauek izango dira: Emakumezko kirolariari edo kirol taldeari saria; Gizonezko kirolariari edo kirol taldeari saria; Kirol jardunaldiari saria; Erakunde babesleari saria; Sari Nagusia; Ohorezko saria.
Irudi berria
Beasain Kirol Sariak irudi berria estreinatuko du aurten, oroigarri eta sari guztietan agertuko dena. B, K eta S hizkiak moldatzen dira sorkuntza honetan eta Beasaingo armarriaren koloreak nahastuta, kirol jarduera desberdinen mugimendua irudikatzen dute. Tandem enpresak sortu du.