Emakumeetan Zerain eta gizonetan Elur Txori izan dira bolari talde irabazleak
Zarautzi eroso irabazi zien Seguran jokatutako finala Zeraingo laukoteak. Gizonezkoetan, Goierriko bi ordezkariek ez zuten aurrean geratzerik lortu.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/12/taldekako_bola_txapelketa_.jpg)
Segurako Txoritegi bolatokian larunbat goizean jokatu ziren Gipuzkoako Taldekako Bola Txapelketaren finalak. Bi txapeletako bat Goierrin mantentzea lortu zuten Zeraingo emakume bolarien taldekoek. Zarautzi 127-85 irabazi zioten.
Miren Makatzaga, Kontxita Gabiria, Aitziber Makatzaga eta Garbiñe Alustiza zeraindar bolariek jantzi dute, horrenbestez, Gipuzkoako txapela.
Gizonezkoetan, Elur Txori (Hernani) gailendu zen, 172 puntu batuta. Bigarren Ur-Mia (Ereñotzu, 165), hirugarren Segura (163) eta laugarren Gabiria-3 (157) sailkatu ziren.
Bolari Eguna Gabirian
Urteko denboraldi ofiziala amaitzeko, ohiturazko Gipuzkoako Bola eta Toka Eguna falta da. Ostiralean, abenduak 8, Gabirian ospatuko da aurten. Goizean, 09:30etik 11:00etara, bola eta toka tiraldiak izango dira.
Lagun arteko bazkaria Ostatuan egingo dute, 14:00etan. Aurrez izena eman behar zen. Iñaki Maiz bolari gabiriarra eta Ino Ugarteburu tokalari ezkiotarra omenduko dituzte festan.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/12/taldekako_bola_txapelketa_-500x667.jpg)
Zeraingo bolari txapeldunak: Kontxita Gabiria, Miren Makatzaga, Garbiñe Alustiza eta Aitziber Makatzaga, larunbatean Seguran.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/12/taldekako_bola_txapelketa_1-500x375.jpg)
Hernaniko Elur Txori taldekoak, gizonezkoetan irabazle.