Energian aurrezteko tailer praktikoak abenduan zehar, Idiazabalen
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun departamentuak, Idiazabalgo Udalarekin elkarlanean etxean energia nola aurreztu irakasteko bi ikastaro antolatu ditu abenduan zehar. Ikastaroak Energia Argitu programaren baitan antolatu dira.
Programa honen helburua energiaren kontsumoa murriztu ahal izateko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak herritarren eskura jartzea da.
Oinarrizko informazioa
Etxerako berokuntza sistemarik egokiena ezagutzeko ikastaroa izango da lehena, abenduaren 12an. Bertaratzen direnak gaiari buruzko nozio argi batzuekin ateratzea da helburua, berogailu-sistemei buruzko oinarrizko irizpide bat izan dezaten.
Etxeko kontsumoa tarifa elektriko berrietara nola egokitu ikasteko saio praktikoa izango da bigarrena, abenduaren 19an. Besteak beste, argindar kontsumoaren datuak ezagutu, murriztu eta birbanatzeko, tarifarik egokiena aukeratzeko eta kontratatutako potentzia egokiena dela egiaztatzeko gakoak eskainiko dira.
Bi saioak 18:00etan izango dira udaletxeko areto nagusian, euskaraz. Parte hartzeko izena eman beharra dago argitu@gipuzkoa.eus-era mezu bat idatzita edo 628 532303 zenbakira deituta.