Euskarazko liburu eta disko materialaren eskaintza ziurtatuko dute aurten ere Goierriko azokek
Abenduaren 15ean, 16an eta 17an egingo dituzte Ataunen, Lazkaon eta Seguran euskal liburu eta disko azokak, hiru herrietan elkarlanean eta bateratuta antolatuta.
Elkarlanean, euskal produktuak eta materialak eskaintzeko aukera jarriko dute, beste behin, Gabonen atarian. /Aimar Maiz Goierriko hiru herritan gauzatuko da aurten ere euskal liburu eta disko azoken eskaintza. Ataunen, Lazkaon eta Seguran abenduaren 15etik 17rako asteburuan jarriko dituzte euskarazko liburu, argitalpen, disko eta materialen eskaintzak. %15eko deskontuarekin erosi ahalko dituzte herritarrek, hiru udalen laguntzari esker. Antolatzaileek gaur aurkeztu dute aurtengo ekimena, beste behin euskarari eta euskal kulturari Gabonen atarian hauspoa emango diona.
Ataunen, San Martin auzoko Herri Antzokian izango da aurten azoka. 17. ekitaldia du. Ostiral arratsa, eta larunbat nahiz igande goizetan irekiko dute azoka. Bi liburu aurkezpen antolatu dituzte: Castillo Suarez altsasuarraren Alaska poesia liburuarena (abenduak 16), eta Miriam Luki urretxuarraren Argialdiak liburuarena (abenduak 17).
“Eskertu beharrean gara Lazkaokoak, euren babesean sortu genuelako eta eusten diogulako Ataungo azokari. Baita udalari ere, %15eko deskontua finantzatuko duelako erosten den produktu guztietan, eta ekitaldiak antolatzeko babesagatik. Herri txikiotan, eskertzekoa da”, azaldu du azokaren antolatzaile Aitor Aldasorok.
Seguran, 18. azoka izango da, eta ohi bezala Botikaxaharra aretoan jarriko dute. Abenduaren 15ean, 18:30ean irekiko dute, inaugurazio ekitaldiarekin. Herriko egutegirako argazki lehiaketako sariak banatuko dituzte, Azpilla dantza taldearen saskiaren zozketa egingo dute, eta Segurako koruak kantaldia egingo du.

Elkarlanean, euskal produktuak eta materialak eskaintzeko aukera jarriko dute, beste behin, Gabonen atarian. /Aimar Maiz
Egitarau luzeagorik ez dute antolatu, bestela ere Seguran aktibitate ugari egoten delako, Xabier Albizu antolatzailearen hitzetan. “Euskara eta euskal kultura bultzatzeko helburuz hasi ginen azoka antolatzen, eta horri eutsiko diogu. Gabon garaiotan, kontsumismo izugarria dagoen honetan, euskal materialaren eskaintza gerturatu nahi diegu herritarrei”.
Seguran ere %15eko deskontua egingo diete erosleei, udalaren babesarekin.
Lazkaon, aste osoan aurkezpenak
Lazkao da euskal liburu eta disko azoken Goierriko aitzindaria, eta 35. aldiz antolatuko dute aurten, Gerriko kultur elkartearen eskutik. “Ilusio handiz heltzen diogun lana da. Lan handia, baina eskerra ere jasotzen dugunez, gustura egiten dugu. Irailean hasi ginen antolatzen”, esan du Joxepa Madariagak, Segurako udal liburutegian egin duten aurkezpenean.
“Esperimentu edo proba” gisa hasi ziren, duela ia lau hamarkada, azokarekin. “Ondo joan zen, eta gaur arte. Inguruko herriekin elkarlanean hasi ginen gero. Esan nahi dugu, Goierriko beste edozein herritan ere azoka antolatu nahi badute, prest gaudela sarea josteko eta elkarlanerako”.
Lazkaoko egitaraua abenduaren 11n, astelehenarekin hasiko da. Astean zehar liburu egileen aurkezpenak izango dira, bai ikastolako ikasleei zuzendutakoak, bai herritarrei irekiak. Batez ere aurtengo urteko nobedadeak ekarriko dituzte, baita iaz ateratakoak ere. Goierriko idazleak eta ilustratzaileak gonbidatuko dituzte.

Goierriko idazleen aurtengo uztaren lagin bat./Aimar Maiz
Liburu eta diskoak erosteko aukera handia izango da hiru herrietan. Lazkaon, enkargu sistema ere martxan da. Etxeetara katalogoa banatu dute, eta bai aurrez, bai azokan, bertan ez dauden tituluak eskuratzeko bidea jarriko dute. Horiek ere %15eko deskontua izango dute. Udalaren “laguntza handia” eskertu du Madariagak ere.
Doinuele elkartekoak ere izango dira Lazkaon –Euskal Herriko eusarazko liburu eta disko azoken plazen sarea da–, eta eskaintza osagarria eskainiko dute ikastolak eta Ruanda Elkarteak bigarren eskuko jostailuen merkatu txikiarekin, edo batxilerreko ikasleen bidaiarako pintxo eta txokolate salmentarekin.
EGITARAUAK
Ataungo 17. Liburu eta Disko Azoka
- Abenduak 15, ostirala. 18:00etan, azokaren irekiera, San Martin auzoko Herri Antzokian. 20:00etan itxiko dute.
- Abenduak 16, larunbata. 10:00etan, azokaren irekiera. 12:00etan, Castillo Suarez idazlearen aurkezpena, Alaska poesia liburuarekin. 14:00etan itxiko dute azoka.
- Abenduak 17, igandea. 10:00etan, azokaren irekiera. 12:00etan, Miriam Lukiren aurkezpena, Argialdiak liburuarekin. 14:00etan itxiko dute.
17:00etan, Maridomingi, altxor ezkutua antzerkia, haurrentzat. Herri Antzokian.
Segurako 18. Liburu eta Disko Azoka
- Abenduak 15, ostirala. 18:30ean, azokaren inaugurazioa, Botikaxaharra aretoan. Herriko egutegirako argazki lehiaketako sari banaketa. Azpilla dantza taldearen saskiaren zozketa. Herriko koruaren kantaldia. 20:30ean itxiko dute azoka.
- Abenduak 16, larunbata. Azoka irekita, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:30era. 12:00etan, ipuin, bertso eta marazkien sari banaketa.
- Abenduak 17, igandea. 11:00etan, azokaren irekiera, 14:00ak arte.
- Azokaren antolatzaileak: Hitz edo Irri euskara elkartea, Laiotz herri eskolako guraso elkartea, gazte taldea, Ganbaran Norbait Dabil elkartea, Elorri kultur elkartea.
Lazkaoko 35. Liburu eta Disko Azoka
- Abenduak 11, astelehena. 11:00etan, Aitor Arana legazpiarraren aurkezpena, Lidiaren betaurrekoak liburuarekin, udal liburutegian batxilerreko ikasleentzat. 19:15ean, Patxi Zubizarreta ordiziarraren aurkezpena, Sakonean itsasoa ikusten da eta Loak ezkutatzen duena liburuekin, Gerriko liburu-dendan.
- Abenduak 12, asteartea. 18:30ean, Niko Etxart musikari zuberotarrarekin solasaldia eta kantaldi laburra, Hitz&Musik zikloan, Gerriko txokoan.
- Abenduak 13, asteazkena. 19:15ean, Xabier Mendiguren Elizegi beasaindarraren aurkezpena, Oso latza izan da eta Nondik sortu da haizea? liburuekin, Gerriko liburu-dendan. 20:00etan, Lazkaoko, Beasaingo eta Ordiziako mintzalagunen afaria eta kantaldia, Maizpide euskaltegian.
- Abenduak 14, osteguna. 11:00etan, Laida Ruiz ilustratzaile lazkaotarraren aurkezpena, Elur gorrituaren egunak liburuarekin, batxillerreko ikasleentzat, Gerriko txokoan.
- Abenduak 15, ostirala. 16:30ean, azokaren irekiera, 20:00ak arte, Lazkaoko plazako frontoian. 19:00etan, errifaren zozketa. 19:30ean, Irati Goikoetxea beasaindarraren aurkezpena, Nor liburuarekin. Goierriko Bertso Eskolako ikasleen bertsoak.
- Abenduak 16, larunbata. 10:00etan, azokaren irekiera, 14:00ak arte. 12:00etan, kale animazioa eta buruhandiak. 13:00etan, Amaia Telleria idazle idiazabaldarraren eta Laida Ruiz lazkaotar ilustratzailearen aurkezpena, Elur gorrituaren egunak eta Zuhara, buruhezurren itsasoan liburuekin. 13:00etan, Xabier Mendiguren Elizegi liburuak sinatzen.
- Abenduak 17, igandea. 11:00etan, azokaren irekiera, 14:00ak arte. 12:00etan, Eneko Aizpurua lazkaotarraren aurkezpena, Gauezko azken expressoa liburuarekin. 12:30ean, Lazkaoko Musika Bandaren Gabonetako kontzertua. Aurkezpenetan aurkeztutako liburuak zotz egingo dituzte.

Joxepa Madariaga (Lazkao), Aitor Aldasoro (Ataun) eta Xabier Albizu (Segura), Goierriko liburu eta disko azokak aurkezten, gaur goizean, Seguran. /Aimar Maiz













