Goierritarrak Durangoko Azokako lehen egunean, bihar
Bihartik igandera arte, euskal kulturaren plaza bihurtuko da Durango. Nogeneko Ane Negeruelak, Patxi Zubizarretak, Irati Garmendiak eta Esanezinek bihar aurkeztuko dituzte haien lanak.
Durangoko Azoka hastera doa. Bihartik igandera arte (abenduaren 6tik 10era) euskal kulturaren plaza izango da Durango. Fantasia DA! lelopean, 265 ekitaldi egongo dira aukeran, eta 950 nobedade eskuragai. 257 erakusmahaitan banatuta, 170 partaide izango dira. Partaideen artean goierritarrak ere badaude.
Bihar Nogenek, Patxi Zubizarretak, Esanezinek eta Irati Garmendiak haien lanak aurkeztuko dituzte azokan. Nogen (abeslaria Ane Negeruela lazkaotarra) taldeak Aben Cirkel disko berria aurkeztuko du Plateruenan egingo duen kontzertuan, 11:00etatik 11:30era. Patxi Zubizarreta Ordizian jaiotako idazleak Sakonean, itsasoa ikusten da liburua aurkeztuko du, 12:00etatik 12:30era Musika Eskolan, eta Irati Garmendia idazle ordiziarrak Ane Arzelus ilustratzaile donostiarrarekin batera ondutako Ortuko bizitza bilduma, 12:30etik 13:00etara, Elkartegian. Ianire Aranzabe altzagarraren Esanezin taldeak Erretratu bat diskoaren aurkezpena egingo du 13:20etik 13:50era Plateruenan.
Hurrengo egunetan ere hamarnaka ekitaldi, tailer, kontzertu eta hitzaldi izango dira Durangoko Landako Gunearen inguruan. Irati Goikoetxea idazle beasaindarrak, Eider Saez abeslari lazkaotarrak, Maitane Ormazabal ‘coach’ urretxuarrak, Miriam Luki idazle urretxuarrak, Eneko Aizpurua idazle lazkaotarrak edota Luis Mari De Juan idazle ordiziarrak parte hartuko dute.