Igande honetan jokatuko da Segurako laugarren Ziklo Krosa
Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatzen duen bigarrena da. Aldaketak izango dira helmugan eta ibilbidean. Eritz eta Aitzol Sodupe herritarrak parte hartzaileen artean.
Segurako 4. Ziklo Krosa jokatuko da igande honetan, Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatzen duen bigarrena. Iaz berreskuratu zuten proba, eta asmoa urtero antolatzen jarraitzea da. Joanes Imaz Segurako Txirrindulari Elkarteko kideak aurreratu duenez, «dagoeneko 150 bat txirrindularik» eman dute parte hartzeko izena, baina «250 bat izatea» espero dute. Tartean, Euskal Herriko onenak ere izango dira. Euskadiko txapelketarako puntuagarria izateaz gain, Gipuzkoako txapelketa ere jokatuko da igandean Seguran.
Lau lasterketa izango dira jokoan. Hasteko, 9:30ean, 40 eta 50/60 Master mailakoak; 10:30ean, kadete mailako neskak eta mutilak; 11:30ean, junior mailako neskak eta mutilak eta Open mailako emakumeak; eta 12:30ean, Elite mailako eta 23 urtez azpiko gizonak eta 30 Master mailakoak. Sari banaketa 13:45ean aurreikusi dute, aurten, Baratze pilotalekuaren parean. Faboritoen artean «Aitor Hernandez eta Olatz Odriozola» aipatu ditu Imazek. Besteak beste, «Segurako Eritz eta Aitzol Sodupek ere parte hartuko dute junior eta kadete mailan», esan du.
Ibilbidea «iazkoaren berdina izango da zatirik handienean» baina badira azpimarratzeko aldaketak. Lehena, helmuga plazan beharrean, Baratze pilotalekuaren parean jarriko dela; eta bigarrena, «iaz ibilbideak zuen eliza atzeko aldapa aurten kendu» egin dutela zirkuitutik. Denarekin, ibilbide «gogorra» aurreikusten da: «Aldapa kentzeak zerbait arindu dezake, baina lokatza egongo da, eta horrek zaildu egingo du lasterketa».
Txosna finantzazio iturri
Lasterketaren aurretik, ibilbidea probatzeko aukera izango dute herritarrek eta bertaratzen diren zaletuek larunbatean. 15:00etatik aurrera irekita egongo da zirkuitua. Ondoren, 16:00etan, txirrindulari gazteentzako teknifikazio saio bat egingo dute ibilbidean bertan. Gipuzkoako Txirrindu Eskola guztietako txirrindulariak joango dira Segurara.
Larunbat arratsaldean, nahiz igande goizean, txosna jarriko du txirrindulari elkarteak pilotaleku ondoan, kafea, salda, pintxoak eta edariekin. Lortzen den dirua «herriko lasterketak finantzatzeko» erabiliko da. Larunbatean, 15:00etatik 16:00etara zirkuitua probatzera joaten direnen artean, «Luma Gorrik emandako janari lote bat» ere zozkatuko dute.
Lasterketarekin lotuta, Segurako Udaletik jakitera eman dutenez, bai larunbat arratsaldean, eta baita igande goizean ere, Zubi-Berritik herrirako bidea itxita egongo da, bertako bizilagunentzat izan ezik. Herrirako sarrera-irteerak Madalenatik egingo dira.
Boluntarioen lanari esker
Iaz bereziki gustura geratu ziren antolatzaileak boluntarioen lanarekin, eta aurten ere «bide onetik doa izen ematea». Momentuz, 30 pertsonek eman dute izena. Muntaketa lanetarako eta lasterketaren antolaketan laguntzeko beharrezkoak dira boluntarioak. Ostiralean, 8:00etan hasiko dira zirkuitua muntatzeko lanetan.