Palaren eliteak Olaberrian jokatuko du, mundu mailako 9. txapelketan
Palari onenak elkartuko dituzte, beste urte bat gehiagoz, Olaberriko frontoian. Bihar, asteazkena, final-laurdenak jokatuko dituzte, eta hurrengo bi egunetan kanporaketak. Finalak larunbatean dira. Paleta larruz eta pala motzeko sailak bereizi dituzte. Haurrak ere ariko dira.
Olaberrian bihar (abenduak 6, asteazkena) hasiko da IX. Elite Txapelketa, paleta larruz eta pala motzean munduko pilotari onenak bilduko dituen lau eguneko lehiaketa. Hiru sailetan banatu dute aurten: paleta larruz sei bikote ariko dira, motzean bost, eta infantilak zortzi.
Final-laurdenen jardunaldia bihar 16:30ean hasiko da, infantilen bi partidarekin. Tartean, Aritz Maiora olaberritarrak Miguel Escalada iruindarrarekin, Josu Soberonek Miguel Buldainekin, eta Oinatz Aranburuk Leo Orozekin bikotea osatuta jokatuko dute.
Paleta larruzko bi neurketa izango dira gero. 18:30ean Garate-Ramos eta Xabier Ibarguren -Perez de Galvete, eta 19:30ean Perez-Ziaurriz eta Zumeta-Aramendia. Azkenik, pala motzeko Baron-Ibargarai eta Aiarra-Intsausti, 20:30ean.
Ostegunean, 16:30ean, infantilen beste bi kanporaketa izango dira lehenik, eta paleta larruzko bi finalaurrekoak ondoren: 18:30ean Berrogi-Mariñelarena gaurko irabazle baten aurka, eta 19:30ean Landeta-Cambos besteen aurka.
Sarrerak doan dira, eta partida guztiak Olaberriko udal pilotalekuan jokatuko dituzte.
Ostiralean infantilen bi finalaurreko, eta pala motzeko beste bi izango dira. Larunbatean, azkenik, 17:30ean hasiko dira finalak: infantilena lehenik, paleta larruzkoa gero (18:30) eta pala motzekoa azkena (19:30).
Eliteko pilotarien koadroa eta partiden egutegia:
IX. Elite Txapelketako partida guztiak (infantilenak barne):