San Nikolas Txiki, Gabonen iragarle
San Nikolas gotzain txikia urteroko errondan aterako da Goierrin. Aurten ez dute errondarik egingo Zegaman. Legazpin gaur eta Seguran bihar egingo dituzte gotzainaren omenezko errondak.
Aurten ere bisita egingo du San Nikolas gotzain txikiak Goierrira, Gabonak iragartzeko ohiturari eutsiz. Orain arte, hiru ziren ohiturari eusten zioten herriak eskualdean, Legazpi, Zegama eta Segura, baina aurten Zegaman ez da San Nikolas Txikiaren errondarik egingo.
Aitxuri herri eskolak antolatu du azken urte luzetan San Nikolas Txikiaren erronda Zegaman, baina aurten ohiturari jarraipenik ez emateko erabakia hartu dute, ekintzak duen kutsu erlijiosoa eskolaren filosofiarekin bat ez datorrela argudiatuta.
Legazpiarrak izan ohi dira goiztiarrenak. San Nikolas gotzain txikia gaur arratsaldeko 17:30ean irtengo da errondan, herriko kaleetan zehar. Segura da, bere aldetik, eskualdean tradizioari fidelen eusten dion herria, 150 urtetik gora baitaramate, 2020an ez ezik, etenik gabe festa egiten. Ordu hartan pandemiak eragotzi zuen ekimena.
Gozokiak biltzeko ohitura
Legazpin ez bezala, Seguran bihar egingo dute San Nikolas Txikiaren festa. Laiotz herri eskolako Oihane Bravo Muñoz izango da aurten gotzain txikia. Goiz osoan zehar luzatuko da ekimena, 10:00etan Arboladitik aterata. Ohitura denez, etxerik etxe ibiliko dira Segurako haurrak San Nikolas pottoka gainean buru dutela. San Nikolasen koplak abestuko dituzte, leihoetatik eta balkoietatik botatako gozokiak biltzen dituzten bitartean. Gozokiak bai, baina oraindik bada, garai batean egiten zen bezalatsu, gozokien ordez, garaiko produktuak banatzeko ohiturarik Segurako etxeren batean.
Segurako Udalak bere aldetik, Nikolas Txikiak banatuko ditu amaieran parte hartzaileen artean. 2006an sortu zuten gozo hau Seguraren 750. urteurrenaren harira. Urtero bezala, salgai jarri dituzte Nikolas Txikiak Elorripe tabernan eta Ardixarran.