Aurten ere gizonen osasun mentalari eta minbiziei ikusgaitasuna eman diete Movember kanpainan
Azaroan hainbat ekintza egin dituzte Goierrin barrabiletako eta prostatako minbizien eta osasun mentalaren inguruan kontzientzia sortzeko eta ikerketarako dirua biltzeko.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/12/movember.jpg)
Azaroa pasa da, eta horrekin batera, azaroan egiten den eta geroz eta ezagunagoa den Movember kanpaina. Goierrin ere hainbat ekintza egin dituzte hilabete osoan eskualdeko Movember-en aldeko taldeek, bi helbururekin: prostatako eta barrabiletako minbizien eta gizonen osasun mentalaren inguruan kontzientziatzea eta horien aldeko ikerketetarako dirua biltzea.
2003. urtean sortu zen ekimena Australian, eta Goierrira bertako errugbilari baten bidez ailegatu zen, 2008an. Goierri Moherri taldea sortu zen hala, eta harrezkero urtero antolatzen dituzte diru bilketarako eta sentsibilizaziorako jarduerak. Sorreratik taldean lanean aritu den Nick Knight-ek “aurtengo kanpainan lortutako elkarlana” azpimarratu du. Jakintza Ikastolarekin kolaboratu du Moherrik. Ikastolako 4. DBHko ikasleek Movember-en inguruko proiektua garatu behar zuten, eta zuzeneko harremana izan dute bailarako talde nagusiarekin. Dani Iturbe kaltetuak, Estitxu Rekalde farmazialariak eta Kike Biguri Moherriko kideak hitzaldia eskaini zieten ikasleei.
Garaguneko, Zuhaiztiko, Atzegiko eta Bakuntzako erabiltzaileekin ere elkarlanean aritu dira, pintxobiboteetarako biboteak sortzen edota photocall-a apaintzen. “Ikusgarritasuna emateko modua da gazteak inplikatzea, eta haiek haien familietara zabaltzea ekimena”. Elkarlanarekin jarraituta, Lazkaoko Antzar Korrikalariak triatloilari taldeak 800 euroko diru ekarpena egin dio Moherri taldeari, eta Legazpin sortu berri den Movember taldearekin ere kolaboratu dute, hitzaldi batekin Moherriren ibilbidearen berri emanda.
“Hobetzekoak” ere badituzte. Knight-en esanetan, nahiz eta kalean biboteak ikusi diren, horietako askok ez dute parte hartu taldeak antolatutako ekintzetan. “Biboteak uzten dituztenek kanpainan inplikatzea gustatuko litzaiguke”, azaldu du.
Lehen hamarren artean
Azoketan postuak, itsulapikoak tabernetan, merchandising-aren salmenta, babarrun jana eta musika emanaldia Urretxun… dena gizonen osasun mentalaren eta barrabiletako eta prostatako minbizien inguruan kontzientzia sortzeko. Lazkaon, bakarrizketa bat eskaini zuten Jon Plazaolak, Jon Txikik eta Kike Bigurik, eta sarrerekin lortutako dirua ere ikerketarako izango da. Kanpainan bildutako diru kopuru zehatza aurki jakinaraziko dute, baina aurrekoetan bezala, estatuko sailkapenean lehen hamarren artean kokatzea espero dute.