Baratze Parkeko herri-baratzeetan izena emateko epea astelehenean zabalduko dute
Guztira 27 partzela daude eskuragarri. Abenduaren 22ra arte egongo da irekita izen-ematea.
Ordiziako Baratze Parkeko herri-baratzeetan izena emateko epea astelehenean irekiko dute, eta abenduaren 22ra arte egongo da zabalik. Guztira 27 partzela daude eskuragarri. Bost urte bete ditu Ordiziako baratze parkeak, eta urte horietan herritar askok parte hartu dute ekimenean, garaikoa, bertakoa eta ekologikoa landatzen. Orain arteko erabilera lizentzia batzuek beste dituzte jada gehieneko hiru urteak, eta horregatik ireki dute eskaerak egiteko epea.
Hogeita hamar metro karratuko 27 partzela egongo dira eskuragarri. Baldintzak betetzen dituen herritar orok parte hartu dezake. Hauek dira baldintzak:
-Ordizian azken bi urteetan erroldatuta egotea.
-Aisialdiko baratze ekologikoan nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko gaitasun fisikoa izatea.
-Adingabeen eskaerak aitaren, amaren edo tutorearen bermearekin batera aurkeztu beharko dira, eta pertsona heldua izango da arduraduna arautegi honen ondorioetarako.
-Ordiziako Udalarekiko zerga betebeharren eta bestelakoen ordainketa eguneratuta izatea.
-Beste baratze ekologiko baten erabiltzaile den familia unitate bateko kide ez izatea.
-Eskatzaileak zein familia unitateko kideetako inork Ordizian ez izatea nekazaritza jarduketarako balio duen landa lurrik, ez jabetzan, ez usufruktuan, ez errentan.
-Aisialdiko baratze ekologikoak eduki izan dituenean, arautegi honetan jasotakoa ez betetzeagatik zigorrik jaso ez izana.
Interesa dutenek udaleko arreta bulegoan edo erregistro elektronikoan aurkeztu behar dute eskaera. Izena ematerakoan NANaren edo legez horren ordezkoa den dokumentuaren fotokopia aurkeztu behar dute, eta pentsioduna, langabea edo gizarte-larrialdietarako laguntza jasotzailea direnek egoera hori egiaztatzen duen dokumentua.