Beasainek 21,7 milioi euroko aurrekontua izango du 2024 urtean
Inbertsioetarako eta proiektu desberdinak garatzeko 2,6 milioi euro izango dira . «Ongizatea, garapena eta jasangarritasuna» lehenetsi dira alkatearen hitzetan
2024 urterako aurrekontua onartu zuen Beasaingo udalbatzak, asteartean egin zen ezohiko osoko bilkuran. 21.796.075,50 eurokoa izango da ekitaldi berrirako proposatu zuten kopurua. Eusko Alderdi Jeltzaleak osatzen duen Udal Gobernu taldeko bederatzi zinegotzien bozekin onartu zen proposamena. EH Bilduk (4) kontra bozkatu zuen eta PSE-EEk (2) eta Podemosek abstentziora jo zuten. Prozedurari jarraiki, alegazioak egiteko epea zabalik dago.
Leire Artola alkateak udalbatzari aurkeztutako aurrekontu proposamenaren inguruan nabarmendu zuen, «eguneroko kudeaketan aurrera eramandako zorroztasunak, gogoa eta ilusioa pizten digun aurrekontua» dela. Une honetan, Udalaren egoera «ona» dela, «2020 urtean udalak zor zuen guztia amortizatu» zuela, beraz ez duela «zorrik». Onartutako kopuruaren parte handiena, 19.190.000 euro gastu arruntetara bideratuko dela, eta soberakina, 2.600.000 inguru euro, inbertsioak egiteko baliatuko direla.
“Ongizatea” ardatz
Nahiz eta aurrekontuaren partida desberdinak ez aletu, 2024 urteko proiektu nagusien berri eman zuen alkateak. «Parekidetasuna eta ongizatea helburu, jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingumenaren zaintza bermatzen duten proiektuak izango dira datorren urtean».
Ongizatea eta bizi-kalitatea, belaunaldi desberdinetan arreta jartzen duten proiektuen bidez: gazteei zuzenduta, bakardade egoerak saihesteko programak; belaunaldien arteko harremanak sustatzeko egitasmoak; tokiko zaintza ekosistema sustatzeko egitasmoa martxan jarriko dute; zahartze aktiboarekin lotutako proiektuak bere horretan mantenduko dira; eta elikadura-ohitura osasungarrienetara hurbilduko dituzte herritarrak, tokiko eta sasoiko produktuen merkatuaren bidez, besteak beste.
Kultura eta euskara
Kultur arloan, ondare historikoa berreskuratu eta mantentzeko proiektuak diruz lagunduko dira, parrokiako horma-irudi errenazentista berreskuratzeko proiektua bezala. Aipamen berezia ere, tokiko eragile eta elkarteei. Haiekin dituzten hitzarmenekin aurrera egingo dute,
dagokionez, Aittu! euskara elkartearekin, ikastetxeekin batera ikasleentzako hizkuntza-errefortzuarekin jarraitzeko edo Euskaltegiekin sinatutako hitzarmenak indarrean jarraituko dute. Ostalariei zuzendutako ikastaro trinkoak antolatuko dira eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko egitasmoekin jarraituko dute.
Etxebizitza eta ekonomia
Beasainen alokairuarekin dagoen arazoari aurre egiteko asmoz, etxebizitza hutsen azterketa jarriko dute abian eta laguntzak emango dira alokairuan dauden beasaindar gazteei eta baita ere etxebizitza hutsak merkaturatzeko etxejabeei.
Tokiko ekonomiari bultzada emateko, hirugarren sektoreari bultzada emateko egitasmoak jarriko dira abian. Hala nola, lokal hutsak alokatzeko laguntzak bideratuko dira, edo bonu kanpainak jarriko dira martxan.
Lurralde antolamendua
Lurraldea sailetik proiektu bereziak koordinatuko dira, «udalerriko espazio publikoa hobetu eta udal eraikinen eskaintzan aurrera pauso bat emateko». Urte hasieran San Inazio – Esteban Lasa kaleko eraberritze lanekin hasiko direla iragarri zuen Artolak, «udalerriko arteria honi aldaketa sakona ekarriko diotenak ingurua sozialki eta komertzialki biziberritzeko». Proiektu honekin «irisgarritasuna, bide segurtasuna eta gune atseginago bat bilakatzea» dute helburu.
Beste proiektu garrantzitsu bat, Arana kalean, Bonberia kulturgune berriarena da. «Herriko kultur eskaintza eta sorkuntza sustatzeko topagune izateaz gain, Arana kalea biziberritzea du helburu», alkatearen hitzetan.
Jasangarritasuna
Kaleetarko argiteria LED teknologiara aldatzeko inbertsio garrantzitsu bat burutuko da, eta Gudugarretako industrialdea eta Salbatore arteko bidegorria argiztatuko da oinezko eta bizikleta erabiltzaileen erosotasun eta segurtasunerako. Oriako Bide Berdeak oinezko eta bizikletentzako lotura berria osatuko da, eta bizikleta alokairu zerbitzu publikoa abiatuko dute.
Gainera, Antzizar kiroldegian kontsumitzen den ura berotzeko Fundiciones del Estanda enpresaren bero soberakina aprobetxatzeko proiektua izango da ekimen aitzindarietako bat.
Erreakzioak
Bozketaren aurretik, EH Bilduko Hasier Agirrek koalizio abertzalearen bozka arrazoitu zuen. Lehenik eta behin «jarrera kritikoa» erakutsi zuena, proposamena osatzeko «herritarren parte hartze zuzena ez delako izan». Eta edukiei dagokienez, «ez dira EH Bilduk egingo lituzkeen aurrekontuak». «Kezka» berezia erakutsi zuen Agirrek «ongizatean izango den murrizketagatik» eta alokairurako diru-laguntzak bideratuko badira ere, «ez dagoelako alokairurik».
PSE-EEren ordezkari Eva Alvarezek esan zuen «beharrezkoa» dela gizarte laguntzetara eta etxebizitza alokatzeko laguntzetara bideratutako partidak handitzea eta Emakumearen Etxea sortzea.