Joxe Arratibelen omenezko plaka bistarazi dute
Joxe Arratibel idazle ataundarra jaio zela ehun urte beteko dira bihar. Atauniker kultur elkarteak bere omenezko plaka bat jarri du Sariartegarakoa baserrian, bere jaiotetxean. Arratibelek idatzitako pasarte batzuk irakurri dituzte bertaratutakoek
Joxe Arratibel Zurutuza zenak 100 urte beteko lituzke bihar. 50 bat herritarrek opari aurreratua egin diote, omenaldi gisa: plaka bat bistarazi dute Sariartegarakoa baserriaren atarian, idazlearen ibilbidea errepasatu dute, berak jasotako bi ipuin irakurri dituzte eta kantatu ere egin diote. Erakusmahai bat ere atondu dute, ataundarraren liburuekin, idatziekin, argazki zaharrekin… Omenaldia Atauniker kultur elkarteak antolatu du eta bertan izan dira, besteak beste, Martin Aramendi Ataungo alkatea, kultur giroko eragileak eta Lazkaoko beneditarren ordezkariak.
1923ko abenduaren 7an jaio zen Arratibel, Ataungo Ergoiena auzoko Sariartegarakoa baserria. 2002an Arratibelek berak idatzitako karta baten bidez iraganeko Ataun eta bizimodua nolakoa zen oroitu dute: auzoen arteko tirabirak, baserrian familia bat baino gehiago bizi zirela, sukaldea elkarbanatzen zutela eta “halamoduz” bizi zirela pilatuta –egun baserriak bananduta daude–, baina argia eta ura zutela… Haurra zela, ahozko tradiziotik mendez mende transmititutako ipuin asko entzun zituen, gerora idatziz jasoko zituena. Ataunikerreko kideek Arratibelek ipuinak kontatzeko zuen dohaia nabarmendu dute, eta zerabilen euskara goretsi.
1980. urtean, Kontu zarrak ipuin bilduma argitaratu zuen La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxearekin. Hamabost urte geroago Kontu zaharrak izenburupean berrargitaratu zuen Ereinek. Bi pasarte irakurri dituzte bertaratutakoek: Andragai sorgiña eta Aingeru Guardakoa. Bata zein bestea, bere amari entzundako istorioak dira.
Plaka bistaratu aurretik, Kontu zaharretan jasotako Epistolea abestia ere abestu dute.
Omenaldia bukatzeko, idazlearen oinordekoek plaka bistarazi dute. Era berean, bertaratutakoentzat eta Arratibelen lana zabaltzen lagundu dutenentzat esker oneko hitzak izan dituzte. Guztiek elkarrekin hamaiketakoa egin dute.