Liburu Txiki Cook ekimeneko bigarren saioa abenduaren 13an izango da, Argiberrin
Haurren artean irakurzaletasuna sustatzea, elkarte gastronomikoen jarduera aukera handitzea eta auzoei bizia ematea dira ekimenaren helburuak. Aurrez izena eman behar da.
Elkarte gastronomikoetako jarduera aukerak zabaltzea, auzoetako bizitza areagotzea eta haurren artean irakurzaletasuna bultzatzea helburu dituen Liburu Txiki Cook ekimeneko bigarren saioa abenduaren 13an egingo dute, Buztuntzako Argiberri elkartean, 17:00etan. Parte hartu nahi dutenek liburutegian aurrez aurre eman dezakete izena, edo 943 805 635 zenbakira deituta edo liburutegia@ordizia.eus helbide elektronikora idatzita.
Hiru eta bost urte arteko haurrei zuzenduta dago. Hainbat zati dituzte saioek: ongi etorria elkarte gastronomikora, kantak eta errimak sortu eta gastronomiaren inguruko liburu irakurketa, errezeta osasungarria eta erraza prestatzea, familien artean denbora pasatzeko espazioa sortzea eta abestiak eta agur-errimak sortzea. Ordubeteko saioak dira eta gehienez 20 haurrentzako lekua egongo da. Liburuak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez landuko dituzte.
Azaroan jarri zuen udalak martxan egitasmoa. Lehen saioa Altamirako Altarte elkartean izan zen. Parte hartzeko deia egin du udalak.