Eguerdian kalejira irekia egingo dute. Edozein musikariri edo musikazaleri emango diote aukera txarangara batzeko. 2006an sortu zen Burrunbazale Txaranga.
Abenduaren 16an ospatuko dute Ordizian XVI. Burrunbazale Eguna. Ordiziako lehenengo txaranga da, 2006an sortua. Urtero antolatzen dute Burrunbazale Eguna Eguberrietan, gaur egungo txarangako musikariak eta taldekide ohiak elkartzeko. Aurten berritasun bat izango dute: edozein musikariri edo musikazaleri emango diote aukera txarangara batzeko, eguerdian egingo duten kalejira irekian. “Pieza errazak joko dira, edonorentzat modukoak”.
Burrunbazalek jakinarazi duenez, hainbat lagunek esan dute batuko direla eta talde zabala espero dute. Elkarrekin herriko elkarteren batean luntxa jango dute, eta sagardotegian txarangakoek taldeko bazkaria egingo dute. Arratsaldean jarraituko du festak, alde zaharretik egingo duten kalejirarekin.