Hainbat goierritar partaide 'Arantzazu' dokumentalean
Azaroaren 28an egin zuten emanaldi instituzionala Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Juan Ignacio Larrea, Joseba Intxausti, Lorea Agirre, Jose Ramon Beloki eta Miren Elgarresta goierritarrek parte hartu dute.
Arantzazulab-ek sustatutako Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri bat dokumentalak Arantzazuko santutegiak Euskal Herriari egindako ekarpen sozial, kultural eta espiritualei buruzko irakurketa intimoa jasotzen du. Pello Sarasua amasa-billabonarrak zuzendu du lana. Azaroaren 28an egin zuten estreinaldi instituzionala Arantzazuko Gandiaga Topagunean, atzo Durangoko azokan aurkeztu zuten, eta 2024an euskal zinemetan eta herri-antzokietan egingo du bidea. Hainbat goierritarrek parte hartu dute dokumentalean.
Goierritarrei dagokienez, Juan Ignacio Larrea segurar frantziskotarraren, Joseba Intxausti frantziskotarraren (Segura, 1936-Donostia, 2023), Lorea Agirre (Beasain, 1968) kazetari eta antropologoaren, Jose Ramon Beloki (Legazpi, 1947) kazetari eta politikariaren eta Miren Elgarresta (Zumarraga, 1965) albaitari eta politikariaren testigantzak jaso dituzte dokumentalean. Naiara Goia (Segura, 1978) Arantzazulab-eko zuzendari nagusia ere aritu da dokumentalarekin lanean.
Lanaren laburpenean azaldu duten bezala, fraide frantziskotarrek “500 urtetik gora daramatzate Arantzazun, Andra Mariaren irudia aurkitu zenetik”. Erlijiotik, ondare immaterial “baliotsua” eman diote herriari, eta horiek ezagutzera ematea “beharrezkotzat” jo dute. “Gure historiaren eta izanaren parte baitira. Arantzazu ez litzateke gaur dena izango herririk gabe eta herria bestelakoa litzateke Arantzazu gabe”.