«Herritarrek dituzten beharrei erantzuteko gai izatea da erronka»
Bigarren legegintzaldia du Izarra Urdalletak (Errezil, 1975) Segurako udal gobernuaren buru. Pertsonak ardatz hartuta, herritar guztien bizitzak hobetzeko lan egitea du helburu.
Bigarren legegintzaldia duzu Segurako udal gobernuaren gidaritzan. Nola ikusten duzu zure burua?
Niretzako oraingo hau aurreko legegintzaldiaren jarraipena da. Urteek ematen duten esperientziari esker zentratuta ikusten dut nire burua. Ikuspegi zabalagoa daukagu eta jada herriko beharrak zeintzuk diren identifikatuta ditugu. Lanerako ilusioarekin eta gogoarekin nago ditugun erronkei aurre egiteko.
Gehiengo zabalarekin irabazi zituen EH Bilduk udal hauteskundeak Seguran, bigarren indarra den EAJri boto kopuruan bikoiztuta. Denborak ematen duen distantziarekin, zein irakurketa egiten duzue emaitza hauen gainean?
Emaitzak garbiak dira eta bere kasa hitz egiten dute. Nire ustez, herritarrek aurretik egindako lana baloratu dute eta aurrera begira ondo egingo denaren esperantza eta konfiantza adierazi digute. Hori da bozketen emaitzak esaten dutena. Lehenengo egunean irakurketa hau egin nuen eta gaur ere berdina pentsatzen jarraitzen dut. Eskertzekoa da konfiantza hori.
Nolakoa da oposizioko alderdiarekin duzuen harremana? Nola aurreikusten duzue legegintzaldia zentzu horretan?
Seguran dauden EAJko hiru zinegotziak ez dira Seguran bizi eta ez dute Segura ezagutzen. Batek bai, baina beste biek ez, eta horrek mugak sortzen ditu lan egiterako orduan. Komisioetara eta osoko bilkuretara etortzen dira. Komisioetan gure kezkak adierazten saiatzen gara eta beraiek parte izan daitezen ahalegintzen gara. Mahai gainean jartzen ditugun gaiak landu eta aztertzen ditugu. Momentuz, euren jarrera eraikitzailea da.
EH Bilduk gehiengo osoa dauka, hala ere, erabakiak hartzerako orduan.
Segurako udal gobernuaren eraketari begiratuta erabakiak adosterako orduan EH Bilduk ez dauka oposizioko alderdiaren beharrik, gehiengo osoa daukagulako, baina, herri batentzat oso garrantzitsua da alderdi ezberdinen arteko adostasunak izatea erabakiak hartzerako orduan. Gu hasieratik irekita egon gara, baita aurreko legealdietan ere, guretzako oso garrantzitsua baita erabakiak denon artean landuta hartzea.
Hauteskunde kanpainan aipatu zenuen, pertsonak ardatz dituen proiektua dela zuena.
Politikariok daukagun ardura nagusiena da herritarren bizi kalitatea hobetzeko lan egitea. Asfaltatzeak, obrak eta horrelakoak beharrezkoak dira, baina hori edozeinek egin dezake. Pertsonekin aurrez aurre eseri eta beraien ezinegonak eta beharrak identifikatzeko esateko dutena entzutea, bai parte hartze prozesuen bidez edo bestelako bileren bidez, hori da gure lanik garrantzitsuena.
Eta horrek asfaltatzeak baina lan gehiago suposatzen du, ala?
Askoz ere gehiago. Udaletxean bertan bururatutako ekintzak aurrera eramatea da errazena eta azkarrena, baina askotan ez dira ez proiektu egokienak ezta eraginkorrenak ere izaten. Herritarrengana gerturatzea ez da beti erraza, egia da parte hartzea kostatzen zaiela askotan, baina beraiengana iristeko bideak asmatu behar dira. Beraiei etortzea kostatzen bazaie, guk joan beharko dugu beraiengana, eta horretan gabiltza.
Legegintzaldi honetarako beste hainbat proiektu garrantzitsu ere badituzue esku artean. Lardizabal jauregia, gaur egun udaletxea hartzen duen eraikina berritzeko lanak, batetik. Obra handia izateaz gain, udaleko eguneroko jardunean ere zuzenean eragingo duena, gainera.
Data zehatzik ez daukagu, baina 2024an hasiko dira obrak eta 2025eko ekainerako amaituta egon behar dira. Obrak irauten duten bitartean, udaleko zerbitzuak kultur etxera lekualdatuko ditugu. Europako funtsetatik 400.000 euroko diru laguntza jaso dugu obra hauek egiteko. Orain beste diru laguntza batzuk eskuratzeko lanean gabiltza.
«2024an hasiko dira udaletxeko obrak eta 2025eko ekainerako amaituta egon behar dira»
«Xexterialden badaukagu 32 etxebizitza egiteko eraikigarritasuna duen orube bat»
Beste lan garrantzitsuetako bat Hirigintza Araudiaren Plan Orokorra berritzea izango da.
Gaur egun indarrean dagoen plan orokorra 1990. hamarkadakoa da eta, ondorioz, zaharkituta dago. Herriaren etorkizunari begira oso proiektu garrantzitsua da, urteetako lanketa eskatzen duena. Ea 2024an gaiari heltzeko moduan gauden.
Xexterialden etxebizitza berriak egiteko asmoa ere baduzue.
Eusko Jaurlaritzarekin bildu gara dagoeneko eta bertan zer egin daitekeen aztertzen ari gara. Aurreko legegintzaldian lantzen hasi ginen gaia eta dagoeneko mahai gainean daukagu.
Zergatik da garrantzitsua Segurarentzat etxebizitza berriak eraiki ahal izatea?
Aurreko legegintzaldian gazteen artean egin genuen galdeketa batean gazteek beraiek adierazi zuten herrian bertan gelditu ahal izateko etxebizitza berrien beharra sumatzen zutela. Alde zaharreko etxeek irisgarritasun aldetik beren mugak dituzte, etxe zaharrak dira. Xexterialden badaukagu 32 etxebizitza egiteko eraikigarritasuna duen orube bat. Lehentasunezko proiektua da guretzat herrian gelditu nahi duten herritarrei aukera hori eman behar zaielako.
Herri hezitzailea filosofian oinarrituta hainbat proiektu ere badituzue esku artean.
Herri hezitzailearen esparruan gauza asko egin daitezke, baina pausoka joango gara. Oraintxe hasi gara haurren parte hartzeko kanala diseinatzeko proba pilotu baten lanean. Oinherrik Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza bat jaso du proiektua garatzeko eta Segura izan da Gipuzkoako lau herrien artean aukeratuetako bat. Proiektu garrantzitsua da guretzat umeei entzuten ere ikasi behar dugula uste baitugu. Kultura hori indartu beharrean gaude.
Berdintasunari dagokionean, zer?
Bigarren Berdintasun Plana egina daukagu. Hainbat lanketa ere egin ditugu gazteekin eta haurrekin. Herrian bizi diren jatorri anitzeko emakumeen inguruko diagnostiko bat ere egin dugu aurten eta gauza interesgarri asko atera dira. Hurrengo urteei begira lanketa hauetan oinarrituta gauzatuko dugu gure ekintza plana.
Energia komunitate bat sortzeko asmoa ere baduzue.
Segurako erdigunean ezinezkoa da teilatuetan eguzki plakak jartzea, osorik babestuta dagoelako eta horrek muga handia suposatzen du alor honetan. Energia berriztagarriak sortzeko aukera ezberdinak aztertzen gabiltza une honetan, herritarren aldetik interesa dagoelako, eta etorkizunari begira gizarte bezala daukagun erronka nagusietako bat delako.
Aipatutakoez gain, zeintzuk dira Segurak datozen lau urteei begira dituen erronka nagusienak?
Egunero sortzen dira erronka berriak, baina hasieran aipatutakoari helduz, pertsonengan jarriko nuke fokua. Haurrek, gazteek, adineko pertsonek dituzten beharrak asetzea, gaur egun horrenbesteko kezka sortzen duen zaintza sistema berrikustea… Herritarrek dituzten beharrei elkarrekin erantzuteko gai izatea da erronka nagusiena.