"Irakurketa partekatzen denean, beste modu batean irakurtzen da"
Beasaingo irakurle taldearen dinamizatzailea da Aintzane Usandizaga (Lasarte, 1988) ikasturte hasieratik. Bere zer eginaz eta taldearen helburuez mintzatu da, besteak beste.
Beasaingo irakurle taldearen dinamizatzailea zara, ikasturte hasieratik.
Bai, irakurle taldeetan gidari bezala aurten hasi naiz. Beasaingoaz gain, Lasarten, beste talde bat gidatzen nabil. Ezagutzen ditut irakurle taldeak egile bezala eta irakurle bezala joan izan naizelako, baina gidari bezala, nire lehenengo urtea da.
Zerk bultzatu zintuen?
Proposamena iritsi zitzaidan eta interesa piztu zidan. Irakurketa partekatua oso gustuko dut, eta ni neu, oso irakurlea naiz. Uste dut, beste modu batean irakurtzen dela irakurketa partekatzen denean, aberatsagoa dela. Zentzu horretan irakurle taldeak iruditzen zaizkit oso proposamen interesgarriak eta beharrezkoak.
Eta hain justu, irakurketa taldeekin ez, baina bestelako arte bitartekaritza jardunetan ibilia naiz, taldeak dinamizatzen ibilia naiz beste testuinguru batzuetan. Lan egiteko modu hori erosoa zait, gertukoa.
Zeintzuk dira taldearen helburuak?
Sortzea leku bat eta denbora bat, liburu bat abiapuntu hartuta hortik atera daitekeen edozertaz hitz egiteko. Hitz egiten da liburuaz, hitz egiten da literaturaz, baina hitz egiten da gizarte gaiez, kezketaz,… Liburua izaten da abiapuntu baina inoiz ez dakizu zertaz hitz egitera eraman zaitzakeen.
Eta gero, oso garrantzitsua da espazio bat delako, ados egoteko edo ez egoteko,… errespetutik, beti ere, noski! Batzuei gustatuko zaie liburua, beste batzuei ez,… eta gainera, saiatzeko ulertzen, zergatik gustatzen zaigun edo ez zaigun gustatzen.
Bada ere modu bat, berez hurbilduko ez ginatekeen horretara gerturatzeko, eta kasu honetan ere, euskal idazle eta itzultzaileen lanera gerturatzeko.
Zein da zure betebeharra taldearen barruan?
Taldeko kide guztiek parte hartzea, guztien ahotsak entzun daitezen. Eta horretarako, lehenengo pausoa da, irakurtzeko liburuen proposamenak egitea, taldearen gustuak kontutan hartuz, baina pixka bat zirikatzea ere, berez irakurriko ez lituzketen proposamenak eginez.
Bestalde, saioa prestatu, esandako horren bidetik, hau da, taldekide guztiek iritzia ematera anima daitezen. Mundu guztiak izaten du iritzi bat, irakurketa bat, sentsazioak, kezkak edo hausnarketak. Batzuek izan dezakete sentsazioa esateko daukatena ez dela garrantzitsua izango, eta ni ahalegintzen naiz, denek hitz egitera animatzera, eta informazioarekin osatzen.
Zeintzuk dira ikasturtean zehar irakurriko dituzuen liburuak aukeratzeko irizpideak?
Liburu mota desberdinak proposatzen ahalegindu naiz, bai formatu aldetik, eleberria, ipuina, poesia, komiki bat ere landuko dugu, aurrerago saiakera, antzerkia,… Jatorriz euskaraz idatziak eta itzulpenak ere bai landuko ditugu. Genero aldetik ere desberdinak izatea, errealistagoak, nobela historikoa, memoria historikoari lotutako irakurketa bat ere Beasaingo irakurle taldean ikasturtean behin lantzea tradizioa delako,… Kontua da, saiatzea, anitza izan dadila urteko plangintza.
Esan ere, ikasturtea bitan banatu dugula. Lehenik, abendura artekoak zehaztu genituen, hala nik ere taldea ezagutzeko aukera izateko, baina gainera, udazkenean liburu berri asko argitaratzen direlako, eta baten bat gehitzeko aukera izateko.
Idazleak ere gonbidatuko dituzue. Zein izaten da haien lana taldera inguratzean?
Dinamika antzekoa da, baina idazlea gurekin izateak ahalbidetzen digu, liburuaren idazketa prozesuaren inguruko galderak egin ahal izatea idazleari. Idazlea bera ezagutzea ere bai, eta gainera, liburuaz harago, gai desberdinak ateratzen dira. Zorte handia da egilearekin egotea.
Dinamizatzaileaz gain zu zeu ere egilea zara.
Helduentzako literaturazko bi ipuin liburu argitaratu ditut, Kabitu ezina eta Zomorrotu. Haurrentzako ere idatzi ditut bi album ilustratu; Etxe honetan eta (Ia) guztia moztu eta itsas daiteke. Esther Ferrer eta denbora. Eta azkena, haurrentzako liburu bat izan da, Ez duzu sinetsiko.
Idazle ikuspuntutik, zer ekarpen egiten diete irakurle taldeek literaturari?
Oso onura handia sortzen diote. Batetik, oso garrantzitsua da sare hori egotea; talde desberdinak izatea herri desberdinetan, egileekin elkartzea, argitaletxeekin ere harremana izaten da,… Sortzen da sare sistema bat talde horien bueltan oso interesgarria.
Bestetik, espazioak egotea, batzuetan uste dezakegulako irakurketa dela zerbait bakartia, eta talde hauek erakusten dute irakurketa ere partekatu daitekeela, eta plazer handiko zerbait dela gainera.
Eta egile bezala, horrelako talde batera inguratzea, irakurlearekin zuzenean hitz egitea eta haien iritzia jasotzea da luxu bat.
Irudiaren aroan bizi gara. Zer egin daiteke irakurzaletasuna sustatzeko?
Uste dut irudiak ere irakur daitezkeela, eta bai, esan duzun bezala, irudiz inguratuta gaude, baina askotan ez dakigu irudi horiek irakurtzen. Gaur egun albumak eta komikiak-eta ari dira pixkana-pixkana indarra hartzen, eta interesgarria iruditzen zait. Hitzak irakurtzea ere bai, oso garrantzitsua dela uste dut. Zeren iruditzen zait irakurketa geroz eta literalagoa egiten dela; kostatzen dela asko lerro artean irakurtzea, geruzak, tonuak,… eta uste dut oso gauza garrantzitsua dela, gure egunerokoan ere.
Horretaz aparte, eta guztiaren gainetik, irakurtzea da izugarrizko gozamena. Nik beti horren alde egingo dut.
Lerro hauen aurrean, irakurketa partekatzeko beldur hori kendu ez, baina zuena bezalako talde batean parte hartzeko gogoa duten haiei, zer esango zenieke?
Lehenik eta behin, beldurra ken dezatela, zeren denontzako lekua da. Beraz animatu daitezela izena ematera, eta proba egitera. Liburutegian denontzako liburuak izan ohi ditugu. Hilabetean behin elkartzen gara, udal liburutegian. Jar daitezela gurekin harremanetan liburutegiaren bidez.