Azoka eta ohitura osasungarriak sustatzeko egitasmoa abian da
Beasaingo Udalak, herriko ikastetxeek, Orekan elikadura zentroak, Laia Kooperatibak eta Osakidetzak parte hartuko dute.

Egitasmoan parte hartuko duten eragileak.
Azoka eta elikadura osasuntsua sustatzeko programa abian jarriko dute Beasainen, eragile desberdinen elkarlanarekin. Beasaingo Udalak, herriko ikastetxeek, Orekan elikadura zentroak, Laia Kooperatibak eta Osakidetzak parte hartuko dute. Ekimenaren inguruko xehetasunak emateko elkartu dira gaur egitasmoan parte hartuko duten eragile desberdinak.
Proiektuaren helburu nagusia da haur eta gazteen artean ohitura osasuntsuak sustatzea, azoka erdigunean jarrita. Osasunaz mintzo direnean, zentzu zabalenean ari dira, osasuna ez delako soilik gaixotasun eza, baizik eta erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialaz ari dira, eta egitasmo honekin, herriko gaztetxoengandik hasita sustatu nahi dute, osasuna faktore askorengatik baldintzatua dagoela, hau da, faktore ekonomikoak, sozialak, pertsonala eta anbientalak eragin dutela, besteak beste.
Eta hain zuzen ere, azoka jarriko dute erdigunean, osasunaz emandako definizioaren adibide delako azoka; tokiko produktuen, tokiko ekonomiaren, jasangarritasunaren, garaian garaiko produktuen eta elikadura osasuntsuaren eredu baita.
Hala, azokari lotuta, hainbat ekintza jarriko dituzte martxan, Beasaingo ikastetxeetako gazteekin. Batetik, elikadura osasuntsua sustatzeko, hamaiketako eta merienda osasungarrien tailerra egingo dute, azokan bertan aurki daitezkeen produktuekin.
Bestetik, Goierrin bertan dauden ekoizleei bisita egingo diete, haien produktuak eta egunerokoa bertatik bertara ezagutzeko.
Gainera, gizentasunaren prebentzio taldea jarriko dute martxan, elikadura eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko helburuarekin.
Deskontu bonuak
Azokan erosketak egiteko deskontu bonuak sortuko dituzte eta otsailaren 3ko azokan jarriko dituzte salgai. Ikastetxeetako ikasleak ari dira bonuen diseinuarekin. 10 euro ordainduta, 20 euroko erosketa bonua eskuratuko da, eta ondorengo larunbatetako azoketan ere izango da bonu horiek erabiltzeko aukera, urte amaiera bitarte. Hala, herritar guztiengana iritsi nahi dute.