Bola eta Toka Egunarekin agurtu dute 2023ko kirol urtea, Gabirian
Iñaki Maiz gabiriarra eta Ino Ugarteburu ezkiotarra omendu dituzte, bola eta toka denboraldia ixteko ospakizunean.
Gipuzkoako bolariek eta tokalariek festa-giroan agurtu zuten, ostiralean, 2023ko denboraldia. Bola eta Toka Eguna Gabirian ospatu zuten, ohitura duten bezala abenduaren 8an. Goizean tiraldiak izan ziren, Alkainburu bolatokian. Jende askok parte hartu zuen, 64 lagun.
Bola lehiaketan, gizonezkoetan Iñaki Maiz gabiriarrak irabazi zuen (37 birla); eguneko omenduetako batek, hain zuzen. Bigarren Patxi Arrondo zeraindarra, hirugarren Roberto Ostolaza eta laugarren Benito Loitegi geratu ziren, denak 36 jota eta kitarakoa jokatuta. Emakumeetan, Elena Aldaz nagusitu zen (33), eta bigarren Naiara Peñagarikano geratu zen (33).
Tokan, Jose Antonio Calvo urretxuarrak irabazi du tiraldia.
Bi goierritar omenduta
Festak Ostatua jatetxean jarraitu zuen, 66 lagun elkartu baitziren bazkaritan. Bazkalondoan, bolari eta tokalari banari omenaldia egin zieten Gipuzkoako federazioak, Gabiriako Udalak eta bertako bolari taldeak. Batetik, Iñaki Maiz bolari eta tokalari gabiriarrak jaso zituen oroigarriak; bestetik, Ino Ugarteburu tokalari ezkiotarrak, herri kiroletan ere aspalditik lan asko egindakoa.
Esker onez jaso zuten biek aitortza, kideen txalo artean. Bakoitzaren ibilbidearen argazkien bideo bat ere eman zuten, jangelan bertan. Aratz Igartzabal, Patxi Ormazabal eta Endika Igartzabal bertsolariek bertso batzuk kantatu zituzten.
Bestetik, Joxe Mari Tolosa tokalari hil berria oroitu zuten. 2023ko txapelketetako irabazleei ere aitortza egin diete, beste bideo batekin errepasoa emanda. 2023ko bolari onenak Naiara Peñagarikano eta Ibon Miner, eta tokalari onena Antonio Amondarain izendatu dituzte.
Azkenik, 2023ko txapelketetako irabazleei ere aitortza egin diete, beste bideo batekin errepasoa emanda. Hauek izan dira 2023ko txapeldunak, lehiaketa ezberdinetan:
Bolak:
- bikoteka, Aitziber Ugalde-Beatriz Unzue eta Mikel Arroio-Joxe Mari Etxebeste
- Lehendakari txapelketan, Naiara Peñagarikano eta Jokin Izagirre
- Gipuzkoako Kopan, Beatriz Unzue eta Ibon Miner
- Gipuzkoako Txapelketan, Beatriz Unzue eta Itoitz Alustiza; infantilak Jone Arretxe eta Ander Etxebeste; jubenilak Ane Etxebeste eta Saigots Iglesias; eta beteranoak Martxeli Kanflanka eta Felix Maiz
- taldeka Zerain-Liztormendi eta Hernani-Elurtxori taldeak.
Toka:
- Gipuzkoako txapeldun, Naiara Peñagarikano eta Jose Antonio Calvo
- Euskadiko txapeldun, Rosa Santos eta Calvo.
Joakin Izagirreren heriotza
Gaurko egunak dolu albistea ere utzi du bola munduan. Joakin Izagirre Intxausti bolari segurarra hil da, 93 urterekin. Duela urte gutxira arte izan zen bola taxuz eta gozo botatzeko gai. Hainbat txapel irabazitakoa zen. Bihar 19:00etan egingo dute haren aldeko hileta, Seguran.
View this post on Instagram