Gabonetako argiteria ostegunean piztuko dute Beasainen
Gabonetara begira, merkataritzan eta saltokietako salmentetan eragin positiboa izateko helburua du udalak.
Gabonak hastear dira, eta Beasaingo kaleak egun horietara begira apaindu eta argiztatu ditu Beasaingo Udalak aurten ere, merkataritzan eta saltokietako salmentetan eragin positiboa izateko helburuarekin ere.
Hala, etzidamu, osteguna, egingo dute argiteriaren piztea. Ohiko kaleez eta guneez gain, aurten, Bideluze eta Barrendain plazako eremuak ere argiz jantziko dira, baita parrokiako ataria ere. Apaingarri guztien artean, nabarmentzekoak dira Erauskin plazan jarriko duten kono erraldoia, zortzi metro luze izango dituena, eta Ezkiagako frontoi parean jarriko dutena ere.
Gabonetako argiteria, astelehenetik ostegunera 17:30etik 22:00etara, eta ostiraletan, asteburuetan eta jaiegunetan 17:30etik 01:00ak arte egongo da piztuta.
Kontsumoari dagokionez, udalaren urteko kontsumoaren «%0,06» suposatuko duela jakinarazi dute udaletik. Argiteariaren alokairua eta instalazioa ArgilineX S.L. enpresari esleitu zaio 40.499,99 euroan (BEZ-a barne).