Loinatz eta Narama abesbatzek itxiko dute Igartza Musika Zikloa
Data aldaketa izan da, hala, igandean, hilak 17, izango da kontzertua, Loinazko San Martin basilikan. Narama abesbatzak Vinaixa Gartziaren zuzendaritzapean egingo duen lehenengo kontzertua izango da.
Igartza Musika Zikloaren barruan 2023 urteko 18. eta azken kontzertua izango da asteburukoa. Hasiera batean, larunbaterako, hilak 16, zegoen programatuta, baina azkenean, igandean, hilak 17, izango da. Loinazko San Martin Basilikan izango da, 19:00etan. Eguneko protagonistak, etxeko bi talde; Loinatz eta Narama abesbatzak.
Loinatz abesbatzarentzat, Beasainen eskainiko duen bigarren kontzertua izango da, Aitor Garitanoren zuzendaritzapean.
Narama abesbatzarentzat, lehena izango da, Vinaixa Gartziaren zuzendaritzapean. Hernanin jaioa da Gartzia, eta bertan hasi zuen musikan ibilbidea. Arkitektura Graduan eta Masterrean graduatu zen Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan, baina koru zaletasunak, koru zuzendaritza ikastera eraman zuen Euskal Abesbatzen Konfederazioaren ikastaroen bidez, non Xabier Sarasola, Esteban Urzelai eta Igor Ijurrarengandik ikasi zuen. Gaur egun, Antzuola eta Bergarako Musika eskoletan koru irakaslea da, Beasaingo Musika Eskolan kantu klaseak eman eta Narama abesbatza zuzentzen du, eta Leitzako Jeiki abesbatza eta Hernaniko Goiz Eguzki abesbatzak zuzentzen ditu.
Estilo aldetik anitza
Estilo anitzeko emanaldia eskainiko dute. X. Sarasola, P. Stopford, M. Lauridsen, J. Elberdin, Ben Parry, David Azurza, Vinaixa Gartzia, etab.en konpositoreen obrak abestuko dituzte, besteak beste. Pianoan, Arantxa Gastesi izango dute.