Olaberrian bi final handi, eta azkenburua 28rako
IX. Elite Txapelketaren bi final jokatu ahal izan dira osorik, infantilena eta eliteko paleta larruzkoa. Eliteko pala motzeko partida bertan behera utzi behar izan dute, hezetasun handiagatik. Abenduaren 28an jokatuko da.
Mundu mailan puntakoak diren palarien jokoa ikusi ahal izan zen, lehengo asteburu luzean, Olaberriko IX. Elite Txapelketan. «Giro eta joko paregabea» lau egunez eskaini zuten Olaberriko frontoian. Finalak larunbatean jokatu zituzten, iragarritako hiruretatik bi behintzat.
Infantil mailako txapela Bruno Iraizotzek eta Eki Aizpuruk jantzi dute, 30-16 irabazita Ander San Cirilo-Ibai Dominguezen aurka. Ondoren, paleta larruz, elite mailan sekulako ikuskizuna eta emozioa izan zen. Marcos Perez-Valentin Cambos nagusitu zitzaizkien, 35-34, Ibon Garate-Dani Ramosi.
Pala motzeko finala bertan behera utzi behar izan zuten, markagailuan 9-7 zeudela. Hezetasun handia sortu zen pilotalekuan, eta lehortzeko eginahalak egin bazituzten ere, ezinezko suertatu zen egoki jokatzeko moduan jartzea.
Abenduaren 28ra atzeratu dute hirugarren final hori. Ibarguren-Imanol eta Baeza-Skufca ariko dira. Sari banaketaren ondoren, Baeza familiari oroigarri bat eman zioten Olaberriko Elite Txapelketako antolatzaileek.
Argazkiak: Gari Arrieta