Dena prest Santa Lutzi feriarako
Urretxun eta Zumarragan dena prest dago jada bi herriek elkarrekin ospatzen duen festa handienerako: Santa Lutzi feriarako. Igandean Luzio Gabiriaren omenezko bertso jaialdia egin zuten, gaur bi herrietako alkateek prentsaurrekoa egin dute Donostian, bihar ardo dastaketa komentatua eta ardo azoka egingo dituzte Urretxun eta etzi feria egingo da.
Biharko ekitaldiei dagokienez, 18:00etatik 21:30era ardo azoka egingo dute Urretxuko Iparragirre plazan. Bederatzi upategietako ardoak eta pintxoak dastatzeko aukera egongo da. 19:00etan ardo dastaketa komentatua egingo dute Urretxuko udaletxeko portaloian. Txartel guztiak lehen egunean saldu ziren.
Egun handiko ekitaldiei dagokienez, 08:00etatik 14:00etara zaldi aziendaren nahiz bestelako abereen feria eta sariketa egingo dute Zumarragako Urdaneta hiribidean. Pottoka sariketan 45 buruk parte hartuko dute, Euskal Herriko mendiko zaldi sariketak 70 buruk eta haragitarako zaldi abere sariketan 34 buruk.
Handik gertu, La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan, nekazaritzako tresnen feria egingo dute. Zumarragako Euskadi plazan eta Urretxuko Gernikako Arbola plazan, berriz, fruta eta barazki sariketak egingo dituzte. Zumarragari dagokionez, barazki sariketan lau lagunek parte hartuko dute, errezil sagar sariketan sei lagunek eta fruta sariketan lau lagunek. Urretxuko barazki sariketan hiru lagunek parte hartuko dute eta fruta sariketan beste hiruk. Frutak eta barazkiak salgai egongo dira, 08:00etatik 14:00etara. Urretxun ezti lehiaketa ere egingo dute. Areizaga-Kalebarren plazan izango da.
Kapoi eta oilasko lehiaketa, berriz, bi udalek elkarrekin antolatu dute. Hori ere Areizaga-Kalebarren plazan izango da. Kapoi lehiaketan hamabi parek parte hartuko dute eta oilasko lehiaketan sei parek. Sari guztiak han bertan banatuko dira, 13:30ean.
Bi herrietan eskulanak erosteko aukera ere egongo da: Urretxuko Iparragirre kalean eta Abenidan 09:00etatik 14:00etara eta Zumarragako Euskadi plazan eta Zelai Arizti pilotalekuan 09:00etatik 15:00etara.
Beste gauza asko ere jarriko dira salgai: jakiak, burdindegiko produktuak, larrukiak, oinetakoak, arropa eta osagarriak, otarrak, loreak… Zumarragan 201 postu jarriko dituzte eta Urretxun 124.
Dena ez da salerosketa izango, ordea. Kultur eta kirol ekitaldiak ere antolatu dituzte. 09:00etan Urretxuko Lizarriturri txistulari elkarteak eta Iratzarri dultzaineroek kalejira egingo dute, 10:00etan Tolosako dultzaineroek diana joko dute, egun osoan zehar bi herrietako trikitilariek kaleak alaituko dituzte, 10:30etik 12:30era musika eskolako trikitilari taldeak kalejira egingo du eta 11:30ean Zumarragako musika banda eta Antxiñako Ama txistulari taldea izango dira kalejira egingo dutenak.
Kirolari dagokionez, 12:30ean herri kirol jaialdia egingo dute Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Bost aizkolarik eta bost harrijasotzailek parte hartuko dute, tartean Iker Vicente txapeldunak. Berarekin batera, Mikel Larrañaga, Ane Zapirain, Nerea Arruti eta Julen Alberdi arituko dira. Harrijasotzaileei dagokienez, Aimar Galarraga, Olaia Esnaola, Udane Ostolaza, Xiker Larrea eta Aiert Zubillaga arituko dira. Azken hau zumarragarra da eta lehenengoz arituko da Santa Lutzi eguneko jaialdian. Larrea, berriz, idiazabaldarra da.
13:30ean artzain txakur erakustaldi komentatua egingo dute Urretxuko Zubimusu plazan eta 17:00etan profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dira Ederrena pilotalekuan. Partida nagusia bigarrena izango da, binakako txapelketa nagusikoa. Ezkurdiak eta Tolosak, Peña II eta Albisu ataundarraren aurka jokatuko dute. Lehen partida bigarren mailako binakako txapelketakoa izango da. Egiguren V eta Eskuzak, Zubizarreta III ataundarraren eta Ugartemendiaren aurka jokatuko dute. Hirugarren partidan, Dariok eta Aldabek, Mataren eta Erostarbe urretxuarraren aurka jokatuko dute.
Zumarragako plazan, berriz, 20. idi proba txapelketako finala jokatuko da. 18:00etan hasiko da. Asier Izagirre Ipiñarrietak, Egoitz Armaoleak eta Iker Zubillaga Igeldok parte hartuko dute.
Ekitaldi parte hartzaileak ere antolatu dituzte. Argazki rallyan parte hartu nahi dutenek Urretxuko kultur etxean eman behar dute izena, 09:00etatik 10:00etara. Bestalde, 11:00etatik 14:00etara Wally eta bere hiru lagunak azokan zehar ibiliko dira. Lauekin argazkia ateratzen dutenek bi saskiren zozketan parte hatuko dute.
Bukatzeko, 12:00etatik 14:00etara Inklusioaren Aterkia izeneko egitasmoa egingo dute Urretxuko Labeaga 1ean. Herri ezberdinetako elkarte eta eragileen artean zumitzezko eskultura komunitario kolaboratiboa egingo dute.