Saltokietako erakusleihoak apain eta eder
Urretxun, Zumarragan, Legazpin, Lazkaon eta Beasainen erakusleiho lehiaketak antolatzen dituzte Eguberrietako kanpainari begira.
Saltokietako erakusleihoak inoiz baino dotoreago izaten dira Eguberri garai honetan. Herri batzuetan lehiaketak antolatzen dituzte merkatari elkarteek eta udalek, besteak beste, Urretxun, Zumarragan, Legazpin, Lazkaon eta Beasainen. Ahalegin handia egiten dute dendariek herritarren arreta bereganatzeko. Zenbait merkatari elkartek ikastaro bereziak ere antolatzen dituzte.
Argazkietan, 2022. urtean Beasaingo (Xalo jantzi denda, eskuinean) eta Urretxuko eta Zumarragako (Aixa fruta denda, ezkerrean) erakusleiho lehiaketa irabazi zituzten erakusleihoak ikus daitezke. Irudimenik ez zaie falta merkatariei. Ricardo Perez Aixako arduradunak zehaztu duenez, beste urte batean, herritarren saria jaso zuten.
Aurten ere parte hartzekoak dira, baina Perezek aitortu duenez, «arreba eta bere lankidea arduratzen dira erakusleihoaz. Ideia beraiena izaten da eta nola egin ere beraiek pentsatzen dute. Ondoren, hiruron artean muntatzen dugu. Erakusleihoa kendu, berria jarri… Lan handia dauka».
«Santa Lutzi azokarako Gabonetako erakusleihoa prest izaten ahalegintzen gara»
Ricardo Perez. Aixa fruta denda
Iazko erakusleihoan, Gabonetako pinu, argi eta opariekin batera, geltokia eta trena irudikatu zituzten Aixakoek. Aurtengoa ikusi nahi duenak, Santa Lutzi azoka egunera arte itxoin beharko du. «Santa Lutzi azokarako prest izaten ahalegintzen gara», dio Perezek.
Goierriko gainerako dendetako arduradunak ere irudimena lantzen ari dira egunotan, erakusleihoak ahalik eta apainen jartzeko. Herritarrek iritzia emateko aukera ere izango dute lehiaketan. Adi beraz!