Alaken azoka igandean, Igarondon
Aurten Igarondo pilotalekura eramango dute berriz azoka. Dozena bat postu egongo direla aurreratu dute. ’Futbolistok’ bakarrizketaren beste emanaldi bat antolatu dute.
Alaken Gabonetako azoka antolatu du Idiazabalgo Udalak igande honetarako, bosgarrenez. Jon Eskisabel Idiazabalgo kultura teknikariak azaldu duenez: «Azoka irekia da, edozein herritarrek hartu dezake parte, etxean dituen gauzak trukean eman edo salgai jartzeko».
Etxean pilatuta dauden gauzei bigarren erabilera bat emateko helburuarekin jaio zen. Baita, norberak artisau eran egindako lanak herritarrei eskaintzeko ere.
Indartsu hasi zen azoka, baina azken urteetan indarra galduz joan dela diote udaletxetik, «iaz helduen posturik ez zen apenas izan, haurrenak soilik. Herritarren parte hartzea sustatu nahi dugu eta horregatik, hasierako filosofiari heldu nahi diogu berriz». Haurren lau postu eta helduen beste zortzi izango direla aurreikusi dute, baina azken ordukoak ere onartuko dituzte. Azoka antolatu ala ez, zalantza egin duten arren, bere aldeko apustuari eutsi diote.
Igarondo pilotalekura itzuliko da berriz, —iaz plazako karpan egin zuten— eta egun osoko ordutegian gainera; 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era. Bi gune izango ditu azokak: bat helduena eta bestea haurrena. Gainera, «etxetik ekarritako kafea, tea, gailetak edo bizkotxoak dastatzeko terraza moduko bat» jarriko dute. Haurren txokoan Olentzero eta Mari Domingiri eskutitzak bidaltzeko aukera izango dute haurrek. Herriko artisau batek egindako kutxa jarriko dute horretarako.
Emanaldi bikoitza
Abenduaren 23ko Zuhaitz Gurrutxagaren Futbolistok bakarrizketarako sarrerak segituan amaitu zirela eta, abenduaren 22an beste emanaldi bat eskainiko du, 22:00etan Guraso elkartean. Sarrerak liburutegian erosi daitezke, 5 eurotan.