Ampo Ordiziak Altamiran jokatuko du igandean, Les Abellesen aurka
Sailkapeneko azken postuan dago Ordiziako taldea, eta garaipena behar-beharrezkoa du zulotik ateratzeko.
Ampo Ordizia bolada txarrean sartu da puntu kopuruari dagokionez. Liga erregularra hasi zenetik, partida bat irabazi eta bost galdu ditu taldeak. Joan den astean Sevillan jokatu zuten Real Ciencias-en aurka, eta hasieran eutsi zioten arren, 29-19 galdu zuten azkenean. Igandean Altamiran jokatuko dute, etxean, Les Abelles-en aurka. 12:00etan hasiko da partida. Garaipenak sailkapenaren behealdean egotearen egoerari buelta emateko aukera eskainiko die. Hamabi talde daude Ohorezko Mailan, eta Ampo Ordizia hamabigarren dago, azkena, bost punturekin. Pozuelo Rugby Union dago hamaikagarren, 9 punturekin, biak partida bat gutxiago jokatuta.