Beasainek, Lazkaok eta Ordiziak tentsio eremu izendatzeko baldintzak betetzen dituzte
Etxebizitzaren gehiegizko prezioengatik Beasain, Lazkao eta Ordizia tentsio handiko eremuan sartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Alokairuaren prezioan izango ditu, batez ere, ondorioak.
Etxebizitzaren gehiegizko prezioengatik Beasain, Lazkao eta Ordizia tentsio handiko eremuan sartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Gaur aurkeztu du Etxebizitzaren Euskal Behatokiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxebizitzen alokairuari eta tenkatutako eremuei buruzko azterketa.
Mapa osatzeko erabilitako irizpideak Alfonso Gomez Etxebizitza saileko ordezkariak azaldu ditu. Kontatu du bi neurgailu erabili dituztela: alde batetik, diru sarreraren %30 etxebizitzaren mailegurako edo alokairurako enplegatzea eta, bestetik, azken bost urteetan alokairu edo salmentaren prezioaren igoera KPI metatua baino hiru puntu altuagoa izan bada. Bi baldintzetako bat betetzea nahikoa da tentsio eremu bilakatzeko. Hori bai, udalek egin behar dute izendatzeko eskari formala, justifikazio memoria eta hiru urterako ekintza plana aurkeztuta.
Tentsio handiko eremu izendatzeak, batez ere, alokairuaren prezioan izango ditu ondorioak: kontratuak amaitzean maizterrek kontratu hori hiru urtez baldintza berdinetan luzatzeko aukera izango dute; maizter berriei urteko eguneratzeko klausula baino ezingo zaie aplikatu alokairuaren prezioan eta azken bost urteetan alokatu gabe egon diren etxebizitzen kasuan ere alokairuaren prezioak ezingo du gainditu estatuak ezarritako gehienezko muga.
Aurrerantzean, gainera, tentsio handiko eremuetan bost etxebizitza dituena jabe handi gisa hartuko da eta ez hamar dituena, orain arte bezala.