Garbiketa lanak eta landaketak egiten ari dira ibar-basoa berreskuratzeko
2.749 kilo zabor atera dituzte eta 918 m2 landare inbaditzaile erauzi dituzte. Bertako zuhaitz espezieak landatuko dituzte.
Beasaingo erreken eta ibaien ibar-basoa berreskuratzeko garbiketa lanak egin eta landaketak egiten ari da Beasaingo Udala. Gainera, landare inbaditzaileen erauzketa egin da. Proiektu honen helburu nagusia da, «Beasaingo erreken biodibertsitatearen kontserbazio egoera hobetzea eta berezko habitata lehenestea».
Uztailean Agauntza , Estanda eta Oria ibaien garbiketa egin zen lehenik, eta landare inbaditzaileak kartografiatu ziren ondoren, hauen erauzketa burutzeko, herritarren parte hartzearekin. Ibai garbiketari dagokionez, 2.749 kilo zabor atera zituzten, eta landare inbaditzaileen kasuan, aldiz, 918 m2-ko azalera erauzi da.
Orain, berriz, zuhaitz landare gazteak landatzen ari dira, Oria ibaiaren ibarrean, Antzizar kiroldegiaren atzean. Luzia Urkiola Aranzadi Zientzia Elkarteko adituaren aholkularitza izan dute prozesuan. Azaldu duenez, «bertako espezieak» landatuko dira, «Zuhandorrak, Intsusa beltzak, haltzak eta lizarrak»
Sentsibilizazioa
Oria ibaiko eremu horretan gauzatzen ari diren lanen jarraipena egiten izan ziren dira Leire Artola alkatea eta Adur Ugartemendia zinegotzia gaur goizean. «Herria txukun mantendu eta natur ondarea babestea ezinbestekoa da Udalarentzat, herria eta herritarren ongizatean eta klima aldaketaren aurkako erronkan eragin zuzena duelako», nabarmendu du Ugartemendiak.
Hortaz gain, ibai eta erreka bazterretan biltzen den zabor kopurua kontutan izanik, «herritarrak arazo honetaz sentsibilizatzeko lanean jarraituko» dutela iragarri du.